Gasteizko hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu du Oñatiko Sare Feministak 18.30tan Plazan

2016/01/28
Udalak, deialdiarekin bat egin du

  Alicia, 17 hilabeteko haurraren hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo da arratsaldean, 18.30tan Plazan. Oñatiko Sare Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egin du Udalak eta horren adierazle, atzo eguerditik Udaletxeko balkoi nagusia estaltzen duen oihal beltza. Alde batean emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten duen borobil morea duen oihal beltz horren bidez, Udalak, dolua adierazi nahi du.

  Erasorik ez erantzunik gabe lelopean egingo da arratsaldeko salaketa-elkarretaratzea. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak zabaldu zuen hiri eta herrietan gaur elkarretaratzeak egiteko dei orokorra, baina tokian tokiko eragileak ari dira deialdi bakoitza egin eta jakinarazten. EUDEL, Udalen elkarteak ere, Gasteizko gertaeren gaitzespen irmoa erakutsiz idatzia zabaldu du autonomia erkidegoko udalen artean. Atzo eguerdian Gasteizen egin zen elkarretaratze isilean, gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna gauzatu dadin erakundeek eta euskal gizarteak oro har duten ardura handia aldarrikatu zuen. Zentzu horretan, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dela azpimarratu zen.

  Kartzelan dago Alicia txikia leihotik jaurtiz hil zuen gizonezkoa. Urte eta erdiko umea hil eta haren ama hiltzen saiatzea leporatu dio epaileak eta autopsiaren zain, haurra sexualki erasotu zuela ere leporatu dakioke. Bitartean, neskatilaren amak, Gurutzetako ospitalean ingresatuta jarraitzen du erasoan jasandako zauriak sendatzen.  Hilketa eta eraso matxista hau salatzeko elkarretaratzea egingo da arratsaldeko 18.30tan Plazan.

Iturria: Oñati Irratia