Gasteizen eta Angelun izan diren lau hilketa matxistak salatzeko elkarretaratzea deitu du Oñatiko Sare Feministak biharko

2016/06/22
Udalak, deialdiarekin bat egin du

  Lau emakumeren heriotzak ezagutu genituen atzo, bat Gasteizen eta beste hirurak Angelun. Gasteizkoa, atzo ezagutu arren, orain astebete gertatu zen. 43 urteko gizonezko batek 60 urteko emakumea hil zuen eta haren gorpua zatituta, Zadorra ibaira bota zuela aitortu zuen herenegun. Bilaketa lanak goizean hasi zituzten poliziek, eta andrazkoaren  gorpuzkiak eta hau zatitzeko erabilitako tresnak topatu ziren Zadorra ibaian. Arratsaldean berriz, emaztea eta bi alaba hil eta bere buruaz beste egin zuen gizonezko batek Angelun.

  Lau hilketa matxista hauek salatzeko elkarretaratzea egingo da bihar 19.00tan Plazan. Oñatiko Sare Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egin du Udalak eta horren adierazle, atzo arratsaldetik Udaletxeko balkoi nagusia estaltzen duen oihal beltza. Udal eraikinetan gainera, puntu morea eta dolu oharrak jarri dira.

  Erasorik ez erantzunik gabe lelopean egingo da biharko salaketa elkarretaratzea. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak zabaldu du hiri eta herrietan elkarretaratzeak egiteko dei orokorra, baina tokian tokiko eragileak ari dira deialdi bakoitza egin eta jakinarazten. Gasteizen, atzo iluntzean egin zen mugimendu feministak deitutako lehen elkarretaratzea. Gaur eta bihar, halako ekintzak errepikatuko dira. Oñatin, esan bezala, elkarretaratzea, bihar 19.00tarako deituta dago plazako kiosko ondoan.

  EH Bilduk bestalde, heriotzaren berria jakin bezain pronto, bertan behera utzi zuen atzo plazan egitekoa zuen hauteskunde ekitaldia.

Iturria: Oñati Irratia

Udaletxea doluz