Garapen bidean dauden herrialdeetan eta Oñatin bertan gauzatuko diren 28 egitasmok udalaren diru laguntza izango dute.

2012/12/17
Gobernuz Kanpoko erakunde eta partikularrek aurkeztutako 41 proiektu jaso dira aurten. Guztira, egitasmo horietarako 123 mila euro pasa zuzenduko dira.

  Aurten ere, bereziki, oñatiarrek edo aurrez ezagunak ziren beste eskatzaile batzuek aurkeztu dituzten proiektuak babestea erabaki da, horrela, udalak emandako diru laguntza iritsiko dela ziurtatu nahi du.
Banoia Chernobilekin, Gurutze gorria, Bubulum taldea, Felix Baltistan Fundazioa, Oñatiko komite internazionalistak, HERMANSOLOÑA, Mali elkartasuna, Zazpi udaberri, Iñaxio Biain eta Jose Ignacio Agirre frantziskotarrak, Luis Arregi agustinoa, Parrokiako misio taldea, Rigoberta Menchú fundazioaren izenean Iker Zelaia, Mundu solidarioa helburu taldearen izenean Leire Etxeberria, Maria Luisa Ugarte edota Mari Karmen Markuleta misiolariak eta TAU fundazioa dira, besteak beste, udalaren diru laguntza jasoko duten erakundeak eta ordezkariak.

  Diru laguntza hauek, arlo ezberdineko proiektuak babestera zuzenduko dira. Ikasketa bekak, prebentzio eta trebatze programak, osasun materiala eta azpiegitura egin edo hobetzeko proiektuak nagusi dira aurten ere.

  Osasun arloari dagokionez, adibidez, Iñaxio Biain frantziskotarrak Paraguayn, leuzemia duten umeei osasun laguntza eskaintzeko proiektua bultzatuko da. Egitasmo honek, urtero udalaren diru laguntza jasotzen du. ALESMA elkarteak Cuban Báguanos herriko udal-ospitalea konpontzeko proiektua babestuko da, Rigoberta Menchú fundazioaren eskutik, Mexikoko Guerrero estatuan, ama eta haurren heriotza tasa eta desnutrizioa gutxitzeko osasun zerbitzuak hobetzeko egitasmoa diruz lagunduko da eta Dominikar Errepublikan legenar edo lepra gaixoentzat zentru bat eraikitzea babestuko da. BUBULUM taldearen eskutik Nikaraguan, nekazal eremuetan bizi diren haur berezien bizi kalitatea hobetu eta tratu txarrak eta eraso sexualak jaso dituzten haur eta gazteei laguntzeko programa diruz lagunduko da eta Nikaraguan baita ere, MUNDU SOLIDARIOA HELBURU taldeak, minusbalia duten gazteen integrazioa lortzeko hezkuntza, higienea, osasun orientazioa eta lan trebakuntza bultzatuko da.

  Hezkuntza arloan berriz, Mali elkartasun ataldeak, institutu bateko informatika gela hornitzeko ordenagailuak erosiko ditu, Afrikan baita ere, Bilboko Asociacion Manos de accion solidaria elkarteak, ia 350 neska mutikoentzat oinarrizko eskola eraikitzeko eskaera aurkeztu du, Burkina Fason, arriskuan dauden gazteen laneratzea sustatzeko nekazaritza eta abeltzaintzako formazio zikloak egiteko diru-laguntza emango da. Gobernuz kanpoko erakundeetatik jaso diren diru laguntza eskaeren artean, auto-enplegu ekimenak ere badira. Honela, Mexikoko Chiapasen, bi ardi granja instalatu eta hazi kreoloak berreskuratzeko proiektua aurkeztu du Oñatiko Komite internazionalistak.

  Aurten ere, diru laguntzarik handiena GARABIDE ELKARTEAk jasoko du. “Hizkuntza eta herrien arteko V. truke programa” aurrera eraman ahal izateko 12.000 euro jasoko ditu.

  HERMANSOLOÑA gobernuz kanpoko erakundeari 11.000 euro emango zaizkio, Argentinara materiala bidali eta bertan babesten dituen proiektu ezberdinak gauzatu ahal izateko.

  Herrian bertan sentsibilizazio ekintzak egiteko ELKARHEZITZEN lan taldeari eta Felix Baltistan Fundazioari diru laguntza emango zaie.  

  Emerjentzietarako diru atalari dagokionean, laguntza guztia, Euskal Fondoaren bitartez bideratzea erabaki du udalak. Euskal Fondoa, tokiko erakunde eta instituzioek bultzatu baina herritarren partaidetza ere baduen erakunde berezia da. Honek, nazioarteko garapen lankidetza sustatu, lagundu eta koordinatzea du helburu. Emergentzietarako zegoen 26.500 euro pasako partida osoa, Euskal Fondoaren bitartez bideratzea erabaki da, esan bezala.

  Guztira, orain arte 123 mila euro pasa banatzea erabaki da. Gobernuz kanpoko erakundeek bideratutako proiektuetarako zegoen partida dena den, ez da guztiz agortu, ia 9.650 euro geratzen dira. Urtea amaitzerako diru hori zein proiektu edo ekintzetara bideratu erabakiko da.

  Aurten Gobernuz Kanpoko erakunde eta partikularrek aurkeztutako 41 proiektu jaso dira eta Udalak, horietatik 28 diruz babestea erabaki du. 

Iturria: Oñati irratia