Gabonetako argiteria osatu egingo da aurten

2020/11/09
Card image cap
Ohiko kale eta guneak argiztatuko dira baina apaingarri gehiago jarriko dira

  Herria girotzeko Gabonetako argiak jarriko dira aurten ere. Hainbat aurrekontu eskatu dira eta LCT electricidad Pasaiako enpresak egindakko eskaintza lehenetsi du udalak, ez bakarrik merkeena delako baizik eta, bereziki, elementu gehiago jarriz hobekuntzak proposatu dituelako, erdiguneko kaleetan 10 argi arku jarri beharrean 24 jartzea eskaini duelako.

  Kale Zaharrean, Kale Barrian eta Atzeko kalean zortzina argi arku jarriko dira eta udaletxeko fatxadan Urte berri on dioen kartela. Plazako arkupetan, Portalekua nahiz Unibertsitate etorbideko biribilgunetan argiz apaindutako irudiak jarriko dira eta Bidaurretako izeia ere apainduko da. Erabiliko diren argi guztiak LED mikrobonbillak izango dira eta apaingarriak bereziak, zumitz zurizkoak izango dira. Hala, gauean, argiztapenari esker, ingurua apainduko dute baina egun-argiz ere, elementuak eurak bihurtuko dira apaingarri.

  Argi eta elementu apaingarriak abendu hasieran jarriko dira, aurrez zehaztutako lekuetan. Asmoa, Gabonetako argiak abendu erdialdean piztea da, urtero moduan. Onartutako aurrekontua 14.430 euro (+BEZa) da.

  Gabonetan argi apaingarriak jarriko dira herrian baina ez da musikarik izango aurten. Dendariek hala eskatuta, eta herria girotze aldera, megafonia sistema berezia muntatu da erdiguneko merkatal kaleetan azken bi urtetan. Aurten, ordea, halakorik ez jartzea eta ondorioz, argi apaingarrien diru partida handitzea erabaki zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!