Familia ugariek urtero berritu beharko dute udal zergetan hobaria jasotzeko eskaera

2021/01/13
Trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga eta ondasun higiezinen gainekoa hobaritzen ditu udalak

  Urteak dira udalak familia ugariak hobaritzen dituela. Izan kiroldegiko bazkide tasan edota ibilgailuei eta etxebizitzei aplikatu ohi zaizkien zergetan, hau da, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan eta ondasun higiezinen gaineko zergan. Hobariak aplikatzeko irizpideak aldatu egin dira aurten, eskaera ere urtero berritu beharko dute familia ugariek.

  % 15eko hobari orokorra aplikatu ohi zitzaien hartarako eskaera egina zuten familia ugari guztiei, orain arte. Baina familien diru-sarreren eta seme-alaben kopuruaren arabera hobari handiagoa eskatu zitekeen, urteko errenta aitorpenaren kopia aurkeztuta, beti ere gerora, urteko kanpaina amaitu ondoren. Hobari taula berria zehaztu da orain eta horren aplikaziorako eskaera familia ugari guztiek eta aurrez egin beharko dute. Kontuan hartuta trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga kobrantza otsailean hasi ohi dela eta ondasun higiezinen gainekoa maiatzean, eskaerak otsailaren 15a baino lehen egin beharko dira eta azken errenta kanpainako aitorpena aurkeztuta, hau da, 2019koa.

  Guzti honen berri ematen duten gutunak bidali zaizkie udal hobariak jasotzeko eskaera egina duten 211 familia ugariei. Dena den, eskaera edozein familia ugarik egin dezake, beti ere, izaera hori egiaztatzen duen titulua indarrean badu. Bide batez, gogoan hartu, iraungitako titulua berritzen denean, horren kopia ere udaletxean aurkeztu behar dela.

  2021eko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eta ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagirietan hobaria jaso nahi duten familia ugari guztiek dagokien eskaera egin beharko dute udal bulegoetan, 2019ko errenta aitorpenaren kopia aurkeztuta. Tramitea egiteko azken eguna otsailaren 15a izango da. Gogoratu HAZ bulegora joateko hitzordua eskatu behar dela 010 doako telefonora deituta. Hobariak jasotzeko eskaera urtero berritu beharko da aurrerantzean.

Iturria: Oñati Irratia