Excavaciones Arrasate enpresak egingo ditu 2016ko auzo-bideen konponketa lanak

2016/07/18
Card image cap
Larraña auzokoetatik hasi asmo da, ahal dela, udako oporren aurretik

  Udal titularitatea duten hainbat auzo-bidetan, konponketa, hobetze eta asfaltatze lanak egingo dira datozen asteetan. Konpondu asmo diren auzo bideak bost dira: Koiskar, San Julian, Baltzola eta Errotatxo baserrietara doazenak eta Sarramendi eskola zaharra zenera doan bidea. Asfaltatu berriz, Albitxuri eta Etxatxo-Santuera doazen bideak eta Jaturabeko mini-gunearen inguruko zabalgunea asfaltatuko dira. Azkenik, Aramaixuena eta Leibar baserrien arteko bidean, eta Arrikrutz eta Korta baserrietarako bideetan hobekuntza lanak egingo dira.

  5 enpresa aurkeztu ziren auzo bideen konponketa lanetarako esleipen deialdira eta puntuaziorik altuena, Excavaciones Arrasate enpresak lortu du. Puntuazio altuena lortu du bai lan programa eta soluzio teknikoen hobekuntza biltzen duen txosten teknikoaren balorazioan eta baita eskaintza ekonomikoaren balorazioan ere, proposamen merkeena egin baitu Arrasate enpresak. Esleipen deialdian Udalak zehaztu zuen gehienezko aurrekontua % 28 merkatu du eta lanak, 47.475,58 eurotan egingo ditu. Lanak egiteko jarritako epea ere murriztu du eta 5 astetan egitea proposatu du. Baina udako oporrak badatoz eta horrek, lanen gauzatzean eten txiki bat ekarriko du seguruenetik. Asmoa, Larraña auzoan aurre ikusten diren lanak lehenbailehen hastea da, ahal dela, udako oporren aurretik. Horiek amaituta, irailean, gainontzekoak egingo lirateke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!