Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizun nagusiak ostiralean izango dira

2017/11/28
Udala eta herriko ikastetxeak elkarlanean aritu dira egitaraua prestatzen

  Berez eguna abenduaren 3an den arren, aurreko eskola egunean bildu dira ospakizunak ikastetxeetako neska-mutilek parte hartze zuzena izan dezaten. Azken urteetako esperientzia arrakastatsuaren haritik aurten ere, herriko ikastetxeek elkarrekin antolatu eta ospatuko dute Euskararen Eguna. Antolakuntzan, udalak ere parte hartu du eta ikasle nahiz herritar orori zuzendutako  ekintzak egingo dira.

  Lehenengo hitzordua ostegunean, azaroaren 30an beteko da. Ilunkara horretan afari tertulia izango da Beñi Agirre Nabarraldeko kidearekin. Afalostean  Euskararen iraupenaren misterioa gaiaz tertulia osatuko da. Afaria Makalena elkartean izango da 20:00tan hasita. Horretarako txartelak salgai daude jada Txokolateixan, 12 eurotan, eta ikasle eta langabetuentzat, 8 eurotan.

  Baina Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizun nagusiak ostiralean, abenduaren 1ean bilduko dira. Eguerdian eta batxilergoko ikasleei zuzenduta, ANTZERKI-SOLASALDIA egingo da. Santa Ana aretoan Hozkailua antzezlana eskainiko da eta ondoren, aktoreekin solasaldi irekia izango da. Arratsaldean berriz, 14:45tan, Gozatu euskaraz! jai-jolasaldia hasiko da Lehen Hezkuntzako ikasleentzat; txikienek munduko jolasak izango dituzte kiroldegian, 3. eta 4. mailakoek ginkana koopratiboa herriguneko kaleetan zehar eta 5. eta 6. mailakoek jaia Gauargi taldearekin plazan. 16:30tan, TXANTXARIAK kaleko musikarien eskutik familia osoarentzat jolas saio musikatua izango da azoka plazan. Eta eguneko egitaraua osatuz, 18:00etan euskal kantu saioa izango da. Euskal kantuak familia giroan abestuko dira eta partaideei txokolatea banatuko zaie, ikastetxeetako guraso elkarteek prestatuta. Era berean, ikasleek, euskararen aldeko mezua duten bizkotxo zatiak salduko dituzte.

  Herriko hiru ikastetxeetako ikaslez osatutako Komunikazio Talde bat ere arituko da lanean, Euskararen Eguneko ospakizunen berri Oñati Irratian eta Goienan ematen.

  Euskararen Nazioarteko Egunerako antolatu den egitarauak 6.400 euroko aurrekontua du.

Iturria: Oñati Irratia