Etxebizitzak alokatzeko Udalaren diru laguntza jaso nahi duten gazteen gehienezko diru sarreren muga aldatu da

2016/03/10
Lehen, bi eskatzaile edo gehiagoren kasuan, urteko muga 35.000 euro gordin zen, aurrerantzean, eskatzaile bakoitzeko 28.000 euro izango da

  Azken Osoko Bilkuran onartu zen gazteen emantzipaziorako Udal diru laguntzen ordenantzan eskatzaileen diru sarrerei dagokien artikulua aldatzea. Aldatu gainera, eskatzailea bat baino gehiago diren kasuetarako aldatu da.
Lehen, eskatzailea bat edo gehiago ziren bereizten zen. Aurrerantzean ez da hala egingo eta etxebizitza bat alokatzeko Udalaren diru laguntza eskatzaile batek edo gehiagok egiten duten kasuetan, urteko gehienezko diru sarrera gordinen muga 28.000 euro izango da eskatzaile bakoitzeko.

  Oñatiko herrian gazteek etxebizitza alokatzeko diru laguntzak ematea arautzen dituzten oinarriak aldatzeko erabakiaren iragarkia atzoko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, alegazioetarako 30 eguneko epea irekiz. Iradokizunetarako azken eguna apirilaren 18a izango da.

  Gainontzeko baldintza eta oinarriak iaz onartu bezala mantentzen dira. Udalbatzak iazko uztailean aho batez onartutako diru laguntza hauen helburua bikoitza da: gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzea batetik, eta alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea bestetik. Diru laguntza hauek, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ditzakete baldin eta, gutxienez 12 hilabeteko alokairu kontratua badute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko diru laguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki. Eskatzaileak, edo bizikidetza unitateko kide batek gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du, gutxienez 10 urtetan edo azken bi urteetan. Urteko diru sarrera gordinak, egin berri den aldaketaren arabera,  gehienera 28.000 euro izango da eskatzaile bakoitzeko.  Aurreztutako dirutik eratorritako errendimendu gordina ere mugatuta dago eta ezin izango da urtean 601 eurotik gorakoa izan.

  Iaz 20tik gora eskaera jaso eta onartu zituen Udalak. Aurten zenbat izango diren aurreratzerik ez dago, eskaera epea ere ez baita ireki. Pasa den asteko Osoko Bilkuran hasiera bateko izaeraz onartu zen oinarrien aldaketa behin betikoz onartu ondoren kaleratuko da gazteen emantzipaziorako diru laguntza hauek eskatzeko aurtengo deialdia.

Iturria: Oñati Irratia