ETEOren etorkizuna zehazteko egitasmoan egungo errealitatearen diagnostikoa egiteko taldekako lan saioak antolatu dira.

2013/11/14
Card image cap
Eragileak esparruka bilduz bost talde bilera egingo dira eta herritar guztiei zuzenduta seigarren saio ireki bat.

  ETEOren etorkizuna zehazteko egitasmoaren baitan, herriko sormen, kultur eta gizartekintza eragileen egungo egoeraren erradiografia osatzen ari da. Errealitate hori egoki jasotzeko urrats berria emango da eragileak arlo edo esparruka bildu eta taldekako lan saioak eginez. Lan saio hauen helburua, bakoitzari dagokion esparru horren inguruan hausnarketa egitea da, errealitatearen irakurketa eta diagnostikoa egitea. Datozen hiru asteetan sei lan bilera finkatu dira.

  Azaroaren 19an, kultur eragileak bilduko dira, 20an, gizartekintza eragileak eta 22an udal teknikari eta zerbizuetako langileak. Hurrengo astean berriz, beste bi bilera egingo dira, hilaren 26an, irudi,diseinu eta ikus-entzunezkoen alorrean diharduten eragileekin eta 27an, sortzaileekin. Azken lan bilera, berriz, irekia izango da egitasmo honekiko interesa duten herritar, eragile eta auzokideei zuzenduta. Azken saio ireki hori, abenduaren 4an egingo da. Udal teknikariekin egingo den bilera udaletxean izango da, gainontzekoak berriz ETEOko eraikin zaharrean bertan, arratsaldeko 7etan.

  Enpresagintza Fakultate berria egin eta Mondragon Unibertsitateko ikasle eta irakasleak bertara joan zirenetik ETEOko eraikina hutsik dago. Eraikin oso handia da eta erabilpen aukera ugari ematen dituen arren, bere horretan, mantenu gastu handia duen eraikina da. Udalak, baliabide garrantzitsu honen etorkizuna zehazteko Bagara elkartera jo zuen parte hartze prozesua gidatu eta dinamizatu zezan.

  Baina etorkizuna irudikatzeko eta ETEOko eraikin zaharrean garatuko den proiektua erabaki aurretik, herriko errealitatea eta beharrak ezagutzea ezinbestekoa da eta une honetan, herriko kultura, gizartekintza eta sortzaileen errealitateari buruzko erradiografia hori zehazten jarraitzeko urrats berria emango da talde bilerak eginez.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!