Eskola bidea eta Mugikortasun astea eskutik datoz aurten ere, irailaren 16tik 22ra

2019/09/13
Ikasleen eta ikastetxe inguruetako mugikortasuna errazteko ekimen bereziak antolatu dira

  Hirigintza taktikozko ekimenak  egingo dira ostegun goizean ikastetxe inguruetan. Espazio publikoa nola erabiltzen dugun hausnartzeko balio dute hirigintza taktikozko ekimenek. Eskola inguruetan eraldaketa efimeroak egingo dituzte goiz partean, mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsiz. Ikastetxe inguruko espazio publikoan dauden arazoak eta konponbide posibleak agerian jartzea da ekimenaren helburu nagusia; espazio publikoan kotxeek izan ohi duten protagonismoaren aurrean bestelako herri gunea aldarrikatzea. Ildo horretan, herriko ikastetxeen inguruetan ekintza ezberdinak egingo dira espazio jakin batzuk oinezkoentzako hartuz.

  Orain hiru urte abiatutako bidetik Birzikleta azoka egingo da hilaren 21ean plazan. Bigarren eskuko bizikleta eta bestelako material osagarriren azoka hau 9:00tatik 14:00tara egingo da, baina horretarako material bilketa astelehenean bertan hasiko da. Txiki geratu direlako edo bazterrera utzi baina erabilgarri dauden bizikletak eta bestelako materiala saldu nahi dutenek hilaren 16, 18 edo 19an plazara eraman dezakete. Material bilketa astelehenean 16:30tatik 19:30ra eta asteazkenean eta ostegunean goiz eta arratsaldez egingo da. Hiru egun horietan batzen den materiala salgai hurrengo larunbatean, hilaren 21ean jarriko da plazan, esan bezala. Material eta diru itzulketa berriz, hilaren 26an egingo da, hori ere plazan.

  Mugikortasun asteak irauten duen bitartean gainera, Herribusa doan izango da.


Iturria: Oñati Irratia