Errenta aitorpena, aukeran euskaraz kanpainarekin bat egin du udalak, beste urte batez

2021/03/25
Errenta aitorpena bete zuten oñatiarren %31ak euskaraz egin zuen iaz

  Kanpaina honen helburua da ahalik eta herritar gehienek errenta aitorpena euskaraz egitea, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan. Hamahiru urtetan 23 puntu igo da aitorpena euskaraz aurkezten duten oñatiarren kopurua. Udalak 2008az geroztik urtero egiten du errenta aitorpena euskaraz betetzeko sentsibilizazio kanpaina. Eta neurri eraginkorra dela esan daiteke aitorpena euskaraz aurkeztu duten oñatiarren kopuruari erreparatuta, kasik hirutik batek euskaraz betetzen duelako. 2006an 500era ere ez ziren iristen halakoak eta iazko kanpainan 2.130 izan ziren, aitorpen guztien % 31 alegia. Urtez urte kopuru hori handitzen ari bada ere, Oñatiko euskaldunen kopurua kontuan izanik, oraindik badago zer hobetua.

  Urtero legez, hiru modutan egin daiteke errenta aitorpena eta guztietan egin daiteke euskararen hautua. Autolikidazio proposamena onartzerakoan, telefonoz edo internet bidez, euskaraz egin nahi dela esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkigu. Mekanizatua aukeratuz gero, hitzordua hartzerakoan adierazi behar da Ogasunarekin harremanak euskaraz nahi ditugula eta Ogasunaren orria euskaraz jasoko dugu. Azkenik, internet bidez eginez gero, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da eta aholkulariren baten laguntzaz betez gero euskaraz egiteko eskatu. Azken batean, edozein dela ere erabiltzen den bidea, Ogasunarekiko harremana euskaraz nahi dugula adierazi besterik ez da egin behar aitorpena euskaraz egiteko. Xehetasun horiek ematen dira Errenta aitorpena, aukeran euskaraz kanpaina dela eta etxeetara banatzen hasi diren eskuorrietan.

  Gipuzkoako zergadunok datorren asteartetik aurrera ikusi ahal izango dugu Ogasunak autolikidazioa egin ote digun eta hala bada, nola dagoen. Onartu berriz, apirilaren 12tik aurrera onartu ahal izango dira. 2020ko jardunari dagokion Errenta kanpaina apirilaren 15ean hasi eta ekainaren 30ean amaituko da Gipuzkoan.

  Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da ogasunarekin eta, azken batean, administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean.

Iturria: Oñati Irratia