Erregeek hartu dituzte Gurutze Gorriak herritarrengandik jasotako jostailuak

2021/01/05
Eskualdeko 278 haurrek jostailu berriak izango dituzte abenduan gauzatu zen kanpainari esker

  Olentzerok eta Errege Magoek garaiz eskuratu zituzten Debagoieneko Gurutze Gorriak herritarrengandik jasotako jostailuak. Olentzerok abenduaren 25 goizaldera banatu zituen, Erregeek datorren gau honetan egingo dute.

  Egoera ekonomiko zailean dauden 151 familietako 278 haurrek jaso dute edo jasoko dute bere oparia. Oñatin 29 haurrentzako jostailuak jaso dira. Kopurua iazkoa baino dezentez handiagoa da, %40 handiagoa, pandemiak etxe askotako egoera ekonomikoa okertu baitu. Jostailu-hartzaileen zerrendak tokian tokiko Gizarte Zerbitzu departamentuekin elkarlanean osatzen dituzte Gurutze Gorriak, Olentzerok eta Errege Magoek. Eskualdeak esku zabal erantzun du beste urte batez Gurutze Gorriak egindako deiari eta San Prudentzioko boluntarioek bereziki eskertu dute.

  Debagoienako Gurutze Gorriak Haien eskubideak jokoan lemapean egin du jostailu bilketa, haurren garapenerako jostailuak ezinbesteko elementu direla jakinik. Helburua, Debagoienean gizarte bazterkeria arriskuan dauden 0-12 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat jostailu berriak eskuratzea izan da eta beste urte batez, helburua bete da. Aurtengo erantzuna ona izan dela azpimarratuta, herritarren eta ekimenarekin bat egin duten enpresen eskuzabaltasuna eskertu nahi du San Prudentzioko Gurutze Gorriak.  

Iturria: Oñati Irratia

Jostailuak prestatzen Gurutze -gorriko boluntarioak