Enpresa berriak sustatzeko diru laguntza jasotzen dutenen jarraipenerako irizpideak zehaztu dira

2018/06/19
Jarduera ekonomikoari alta ematen zaionetik 12 hilabete igaro arteko epealdia zainduko da

  Enpresa berriak sustatzeko udal diru laguntzen aurtengo onuradunei jarraipena egitea adostu zuen Sozioekonomia batzordeak. Hasierako urtean enpresak bere jarduera mantentzen duela egiaztatuko da eta hala ez denean, itxiera egoki justifikatu ezean, udalak emandako diru laguntza itzuli beharko du, osorik edo zati bat. Balizko iruzurrak saihestu nahi dira horrela.

  Enpresa berriak sustatzeko laguntzen jarraipenerako ikuskapen irizpideak eta itzulketa kasuak aztertu eta onartu ziren azken Tokiko Gobernu Batzarrean. 2018ko deialdian onuradun diren enpresa berrien jarraipena egingo da eta jarduera ekonomikoari alta ematen zaionetik 12 hilabeteko epealdia bete arte zainduko da. Hasierako urte horretan enpresak Foru Ogasuneko Jarduera Ekonomikoen Zergan eta Gizarte Segurantzako dagokion erregimenean altan jarraitzen duela egiaztatuko da. 12 hilabeteko epea amaitu baino lehen enpresak baja emango balu, zergatiak justifikatzea eskatuko zaie negozioaren sustatzaileei; enpresaren jarduera uztearen arrazoiak jasotzen dituen txostena aurkeztu beharko dute sustatzaileek. Txostenean iruzurrik ez dela egon eta enpresaren itxiera justifikatutako arrazoi ekonomikoengatik gertatu dela azaldu beharko dute ekintzaileek. Sozioekonomia batzordeak aztertuko du txostena eta diru laguntza eman zuen organoaren eskumena izango da emandako zenbatekoaren zati bat edo dena itzuli behar den erabakitzea.

  Udalak 15.000 euroko partida berezitu du aurten enpresa berriak sustatzeko diru laguntzetarako. Enpresak sustatzeko diru laguntzez ari garelarik, sortutako lanpostu bakoitzeko diru laguntzak ulertu behar dira. Udalak 1500 euroko laguntza ematen baitu sortutako lanpostu bakoitzeko eta enpresa, lehenengo sektorean sortuz gero, laguntza bikoiztu egiten da eta 3000 euro lanpostuko ematen da. Diru laguntza hauek eskatzeko epea zabalik dago azaroaren 30era arte.        

Iturria: Oñati Irratia