Emakumeak erdigunean, ekintzaz betetako egitaraua antolatu da martxorako

2020/02/27
Aldarrikapena, hausnarketa eta ospakizuna eskutik datoz

  Oñatiko sare feministak, udalak eta Lagun leku elkarteak egitarau borobila prestatu dute martxorako, hilaren 8a ardatz nagusi izango delarik. Bortxatzailea zu zara perfomance-a da aurtengo berrikuntza, pasa den astean aurreratu genuenez. Astelehenean egin zen lehen entsegua eta 25en bat lagun bildu ziren Eltzian. Datorren asteartean eta larunbatean beste bi entsegu egingo dira, performance-a martxoaren 8an, 13:00tan plazan irudikatu aurretik. Oñatiko sare feministak herriko emakumeak parte hartzera gonbidatzen ditu.

  Performance-a eta elkarretaratzea egingo dira plazan martxoaren 8an. Aurretik, 12:00tan, Olakuako urmaelaren inguruan eguneko lehen  elkarretaratzea egingo da eta bide batez, indarkeria matxistak hildako emakume eta haurrak oroitu eta omenduko dira, Lagun leku elkarteak antolatuta. Elkarretaratze honen ondoren hamaiketakoa izango da Eltzian, Lagun lekuren lokalean. Bazkaria ere antolatu du elkarteak martxoaren 8rako, Olakua tabernan. Izena ematea zabalik dago martxoaren 4ra arte, Olakua tabernan bertan, Lagun lekun edo Labealde eta Eskolatxo okindegietan. Bezperan, hau da, martxoaren 7an, sare feministak antolatutako bazkaria egingo da Gaztetxean. Horretarako txartelak, Eltzia, Ongi eta Arrano tabernetan eskuratu ahal izango dira. Martxoaren 7an baita ere, emakume artisauen azoka egingo da plazan.

  Baina Emakumearen egunaren inguruko egitaraua zabalagoa da eta martxo osoa hartzen du. Zine emanaldiek leku handia hartuko dute eta martxoaren  5 eta 12ko zine klub emanaldiek Emakumearen egunaren ospakizunarekin bat egingo dute; Retrato de una mujer en llamas eta La vida invisible de Eurídice Gusmao filmak pantailaratuko dira. Gainera, martxoaren 11n Zinegoak gay-lesbro-trans zinema eta arte eszenikoen jaialdiko hainbat film labur ikusi ahal izango dira Kultur etxean.

  Virginia Imaz eta Inma Merinok Tuper sex eta ipuin erotikoak saioa osatuko dute martxoaren 23an, emakumeentzat. Eta 25ean, berriz, Nerea Barjolak, microfísica sexista del poder hitzaldia emango du. Ikuskizunen atalean, Elkar hezi ikastetxeak eta Setem-ek elkarrekin prestatu duten Gloria Fuertes lana eskainiko dute martxoaren 6an. Amaitzeko, 28an, MUNAY: emakume migratuentzat psikologia tailerra egingo da, Emakumeen jabetze eskolaren baitan.

  Herriko eragile ezberdinek bat egin dute, aldarrikapena, hausnarketa eta ospakizuna uztartzen dituen martxoaren 8aren inguruko egitarau zabala osatzen.  

Iturria: Oñati Irratia