Elkartasunerako deia egin du Oñatiko Caritasek

2020/04/17
Card image cap
Kontu korronte bat ireki du diru ekarpenak jaso eta premia gorrian dauden familiei laguntzeko

  Oñatin gizarte bazterkeria arriskuan dauden familien kopurua handitzen ari dela ohartarazi du Caritas elkarteak. Bizi dugun osasun alarmak familia askoren egoera ekonomikoa larriagotu du, eta egoera luzatu daitekeela ikusita, elkartasun kanpaina bat jarri du abian Oñatiko Caritasek, premia gorrian dauden ahalik eta familia gehienei lagundu ahal izateko.

  Diru baliabideak lortu ahal izateko, kontu korronte bat ireki du Laboral kutxan (ES26 3035 0005 3500 5110 4667) eta bertan diru ekarpenak egitea eskatu die herritarrei eta enpresei. Batutako dirua bereziki adin txikikoak dituzten familientzat bideratuko da, elikagaiak, botikak eta oinarrizko produktuak erosteko. Baita herriko Caritas taldeak esku artean dituen gizarteratze eta laneratze prozesuak indartzeko ere.

  COVID-19ak sortu duen larritasun egoerak aurrez Caritaseko bulegoetara sekula hurbildu ez diren hainbat familia laguntza eskatzera eraman dituela jakinarazi du Oñatiko taldeak. Beharrak gehitu egin dira, eta egoera luzatuko dela pentsatuz, oñatiarren elkartasunari dei egiten dio Caritasek, denon artean gure bizilagunen etorkizuna babestu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!