Oñatiko udala

EH Bilduk bozkatuena izaten jarraitzen du, EAJk pitin bat egin du gora eta Ahal Dugu-Podemos indartsu sartu da

2015/12/21
Card image cap

  Diputatuen Kongresurako, Amaiurrek lortu zituen botoekiko beherakada  nabarmena izan duen arren, EH Bilduk bozkatuena izaten jarraitzen du Oñatin. Euzko Alderdi Jeltzaleak pitin bat gora egin du eta Ahal Dugu-Podemos indartsu sartu da, 967 botorekin hirugarren indarra litzateke.

  Lehen bi alderdi edo koalizioei dagokienean, orain lau urte bezala, ezker abertzalea eta jeltzaleak izan dira indar bozkatuenak Oñatin, hurrenez hurren. Baina alde garrantzitsua dago biek izan duten joeran; EH Bilduk ia mila botu galdu baititu Amaiurrek lortu zituenekiko eta EAJk berriz, 118 boto gehiago irabazi ditu. Horrek, bi alderdien arteko aldea asko murriztu du. Orain lau urte, 1400 boto baino gehiagoren aldea zuten, atzoko emaitzen arabera, 321 boto besterik ez.

  Aipagarria bestalde, Ahal Dugu-Podemos alderdiaren sarrera indartsua, 967 boto lortuta, Oñatiko hirugarren indarra litzateke une honetan. Ez da gauza berbera gertatu boto kutxetan berria zen Ciudadanos-ekin, hauek, 67 boto besterik ez baitituzte lortu gurean. Eta ohiko alderdiei dagokienean, PSE-EE, PP eta Ezker Batuak/Berdeak taldek behera egin dute orain lau urte lortutako emaitzekin konparatuta. Eta behera egin du baita ere gurean, partaidetza kopuruak. 2011ak, Oñatiko hautesleen ia %72ak botoa eman bazuen, atzo, % 69ra ez zen iritsi.

  Orokorrean, egun lasaia, eta aparteko gertaerarik gabekoa izan zen gurean Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskunde eguna.

  Gipuzkoako emaitzekin konparatuta, oñatiarren bozka ezberdina izan dela nabarmendu behar da. Gipuzkoan, Ahal dugu-Podemos izan zen alderdirik bozkatuena eta ondoren,  EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. Ondorioz, Gipuzkoak aukeratzen zituen sei diputatuetatik bina Ahal Dugu eta EAJkoak izango dira eta EH Bildu eta PSE-EEk, ordezkari bana izango dute Kongresuan.

  Senaturako hautagaiei erreparatuta, bestalde, gogoratu, hautagaitza irekiak zirela eta edozein zerrendetako hiru izen aukeratu zitezkeela. Oñatin, bozkatuenak, EH Bilduko Urko Aiartza, Maider Carrere eta Pavel Viñas izan ziren eta ondoren, EAJko Mª Eugenia Iparragirre.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!