EGOITEK enpresak jarraituko du Zubikoa Kiroldegian fitness eta gimnasia zerbitzuak eskaintzen

2019/06/10
Aurkeztu ziren bi enpresen artean EGOITEKen eskaintza lehenetsi du Kontratazio mahaiak

  EGOITEKek urteak daramatza Oñatin fitness eta gimnasia zerbitzuak eskaintzen. Besteak beste, elbarrientzako gimnasia egokitua, gimnasia terapeutikoa, aerobic, mantentze gimnasia, fit-bike, pilates, hirugarren adinekoentzako gimnasia, body-tonoa, zumba, eta abar. Eta horretan jarraituko du datozen bi urteotan, beste bi urtez luzatu daitekeelarik, udalarekin hitzartutako kontratuaren arabera. Lau urteko tarte horretan kiroldegia egokitzeko lanak egingo dira, eta zerbitzuetan moldaketa batzuk egin beharko badira ere, fitness eta gimnasia zerbitzuak izan-izango direla jakinarazi digute kiroldegitik.

  Otsailean kaleratu zen Zubikoa kiroldegian hainbat kirol zerbitzu koordinatu eta eskaintzeko zerbitzuen kontratazio publikorako deialdia. Bi enpresa aurkeztu ziren:  Athlon Sintagmia Oñati/ Llop Gestio Esportiva S.L UTEa batetik eta Egoitek S.L. Halakoetan ohikoa denez, txosten teknikoa  eta eskaintza ekonomikoa baloratu dira eta puntuaziorik altuena, EGOITEKek lortu du. Eskaintza ekonomikoaren atalean ez da alderik izan, biek udalak zehaztutako aurrekontuaren pareko eskaintza egin dutelako, eta aldea beraz, txosten teknikoaren atalean egon da; ekintza, koordinazio eta komunikazio planetan, nahiz pertsonal eta zerbitzua hobetzeko proposamenean, EGOITEKek puntu gehiago lortu zituen.

  Zubikoa kiroldegian fitness eta gimnasia zerbitzuak eskaintzeko kontratu berriaren prezioa ia 198.000 euro izango da, BEZa barne delarik.

Iturria: Oñati Irratia