Domeka goizaldean ordua aldatuko da, ordua atzeratu egingo da

2020/10/23
Goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira berriro

  Urtean zehar egiten diren bi ordu aldaketen bigarrena gauzatuko da asteburuan, zapatutik domekarako gauean. Domekan, goizaldeko 3:00etan erlojuak ordubetez atzeratu eta berriro 2:00tan jarri beharko dira. Aldaketa honekin, domekak ordubete gehiago izango du, 25 orduko eguna izango da. Ordu aldaketa honekin martxo amaierara arte luzatuko den neguko ordutegia sartuko da indarrean.

  1974ko krisi ekonomikoari aurre egiteko hasi ziren ordua urtean bitan aldatzen, eguzki argia gehiago aprobetxatu eta energia aurrezteko bide gisa. Baina lortzen den onura ekonomikoa urria denaren iritzia geroz eta zabalduago dago. Horren haritik, ordu aldaketa gehiagorik ez egitea proposatu zuen Finlandiak, 2018an, eta Europako Batzordeak hala erabaki zuen. Hasieran 2019ko martxoa zehaztu zen azken aldaketarako data gisa baina 2021era atzeratu zen, herrialde bakoitzak zein ordutegi jarri aukeratu zezan, hau da, eguzkiarekiko bi orduko aldea duen udakoa ala ordu bakarrera mugatzen duen negukoa mantendu. Eztabaida hori puri-purian beharko luke baldin eta Covid-19ak erabateko arreta bereganatu ez balu.

  Gauzak horrela, asteburuan neguko ordutegia berreskuratuko dugu berriro eta domeka goizaldean ordulariak atzeratu eta 3:00etan 2:00tan jarri beharko ditugu.

Iturria: Oñati Irratia