Domeka goizaldean ordua aldatuko da, ordua atzeratu egingo da

2016/10/28
Goizaldeko 3.00etan 2.00ak izango dira berriro

  Urtean zehar egiten diren bi ordu aldaketen bigarrena asteburu honetan gauzatuko da, alegia, urriko azken domekan baina goizaldean, zapatutik domekarako gauean. Domekan, goizaldeko 3.00etan erlojuak ordubetez atzeratu beharko ditugu eta berriro 2.00tan jarri beharko ditugu. Aldaketa honekin, domekak ordubete gehiago izango du, 25 orduko eguna izango da.

  Ordu aldaketa honekin martxo amaierara arte luzatuko den neguko ordutegia sartuko da indarrean. Ordu aldaketaren aldekoek, neurri honekin eguzki argia gehiago aprobetxatu eta ondorioz, energia gehiago aurrezten dela diote. Baina kontrakoak ere badira, eta aurten, Balearretako parlamentuak ordurik ez aldatzeko eskaera egin dio estatuko gobernuari. Onartu ez den eskaera. Gogoan hartu beraz, domeka goizaldean ordulariak atzeratu eta 3.00etan 2.00tan jarri beharko ditugu berriro.

Iturria: Oñati Irratia