Diru laguntza deialdiak nagusi izan dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/02/15
Card image cap
Kultura, Kirolak edota Partaidetza departamentuek eman ohi dituzten diru laguntzak aztertzekoak ziren, besteak beste

  Udalak 2017ko jarduera ekonomikoaren likidazioa eginda, urte berrirako diru laguntza oinarri eta deialdiak nagusi izango dira ondorengo asteetan. Gaur jada, Kultura, Kirolak edota Partaidetza departamentuak banatu ohi dituenak aztergai izan dira gobernu taldearen bileran.

  Kirol elkarte eta taldeei diru laguntzak eman ohi dizkie udalak ekintza bereziak antolatu edota urteko jarduerei aurre egin ahal izateko. Gaia, arratsaldean jorratzekoa zen. Eta baita Kultura sailak eman ohi dituenak ere. 2018ko deialdia egitea proposatzekoa zen. Partaidetza departamentuan bestalde, garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako eta adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntzak ematen ditu. Halakoak, urte hasieran kaleratzen dira eta horren berri eman zaie gobernu taldea osatzen duten kideei, arratsaldeko bileran.

  Baina udalak beste diru laguntza batzuk ere ematen ditu, adibidez, bakarrik edo beste lagun batekin bizi diren 80 urteko herritarrek etxean su detektagailuak jarri ditzaten. Kasu honetan, interesatuek eskaera egin behar dute eta udala arduratzen da instalazioa egin eta horren nahiz hurrengoko mantentze lanen gastuak ordaintzeaz. Gaurko bilerarako 2018ko kanpaina abiatzea ere proposatzekoa zen.

  Gai asko jaso dira arratsaldeko bilerarako lan zerrendan, 77 hain zuzen ere. Tartean, aipatutakoaz gain, udan egiten diren udaleku irekiak eta arte udalekuak ere hizpide izan dira. Bietan begirale gisa aritzeko bete beharreko oinarriak azaltzekoak ziren eta deialdia kaleratzeko xehetasunak ere zehaztu behar zituzten.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!