Oñatiko udala

Debako “Zehar heziketa eta programak” enpresak jarraituko du Gaztelekuan zerbitzua ematen

2019/05/27
Card image cap
Urtebeteko kontratua sinatuko du, beste hiru urtez luzatu daitekeelarik

  Astean erabaki da Gaztelekuko hainbat zerbitzuren dinamizazio eta kudeaketa kontratua Zehar heziketa eta programak enpresarekin berriro sinatzea. Debakoa, 2015etik Gaztelekuan zerbitzua ematen aritu den enpresa da eta martxoan onartu zen esleipen berrirako prozesura aurkeztu den bakarra. Dagoeneko aurkeztu ditu behin betiko lizitazioa egin eta kontratua sinatu aurretik eskatu zitzaizkion agiriak eta 9.000 euro pasako fidantza. Beraz, gobernu talde berriak epai mahaiaren ebazpena bere egin orduko zehaztuko da kontratua sinatzeko data.

  Zehar enpresak aurkeztu zuen memoria txostenean, eskuhartze profesionala, arreta zuzena, Oñatiko errealitatera egokitzeko proposamenak eta Gaztelekuko gune bakoitzerako programazioa zehaztu zuen. Izan ere, Kuboa eta Topalekuko dinamizazio eta kudeaketaz gain, Informazio gunea eta informatika gelen ardura ere hartuko baitu. Atal honetan gehienera lortu zitezkeen 49 puntuetatik 37,3 eskuratu ditu eta beste 51puntu, udalak zehaztutako aurrekontua berdintzeagatik, hau da, zerbitzua, urtean, BEZa kanpo utzita, 184.450 eurotan betetzeagatik.

  Udalak, lizitazio baldintzetan, lau hezitzaile gutxienez izendatzea eta  urriaren 1etik apirilaren 30era arteko ostiraletan errefortzuko beste bat jartzea eskatzen zuen. Enpresak sei izendatu ditu, txandaka arituko direnak. Guztiak, Gaztelekuan ari dira, beraz, herriko haur eta nerabeentzat ezagunak eta erreferentziazko hezitzaileak dira. Aurpegiak beraz ezagunak izango dira eta zerbitzu gune ezberdinen funtzionamendua ere paretsu izango da aurrerantzean. Gaztelekua asteartetik igandera arratsaldez irekiko da eta zuzeneko arreta ordutegitik kanpo, Gaztelekuko eraikina asteartetik ostiralera goizeko 11:00tatik 13:00era ere zabalik dagoela bermatuko da.

  Udala eta Zehar heziketa eta programak enpresaren arteko kontratua urtebeterako sinatuko da baina urtez urte berritu ahal izango da beste hiru urteko mugarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!