Bizikletaren erabilera egokia sustatzeko bideoa prestatu du Txirrinka taldeak

2015/07/21
Card image cap
Ikus-entzunezkoaren aurkezpen publikoa bihar arratsaldean egingo da Kultur Etxean

  Denon onerako bizikleta, hori izan da hasieratik Txirrinka Oñatiko bizikleta zaleen elkartearen helburu nagusienetako bat. Bizikletaren erabilera bultzatzea, pentsatuz, erabilera hori onuragarria dela bizikleta erabiltzen dutenentzat eta baita erabiltzen ez dutenentzat ere. Horren haritik, bizikleta erabiltzaileen, oinezkoen eta motordun ibilgailuen arteko elkarbizitza sustatzea asmo garrantzitsua izan da eta izaten jarraitzen du elkarteko kideentzat. Elkarbizitza hori, ordea, batzuetan ez da nahi bezalakoa izaten eta horren adibideak Oñatin bertan ikusten dira. Zentzu horretan, bizikletaren erabilera arriskutsuak azaltzen dituzten hainbat bideo zabaldu dira sare sozialen bitartez. Bitan, begiratu gabe errepidea zeharkatzen duten txirrindulari batzuen jokaera arriskutsua ikusten da eta beste batean berriz, bidegorrian abiadura handiegian doan beste bat. Bideoak Oñatin grabatuta daudela ezagun da gainera. Jarrera arriskutsu hauek ikusita, Txirrinkak, bizikletaren erabilera egokia bultzatzeko beste ikus-entzunezko bat prestatu du, elkarbizitza hobetzeko helburuz.

  Bihar egingo da bideoaren aurkezpen publikoa, bai hedabideei eta baita interesa duten herritar guztiei zuzenduta.
Bideoak 6-7 minutuko iraupena du eta biharko aurkezpenaren ondoren, internetez ikusgai jarriko dute. Sare sozialen bitartez zabaltzeko asmoa ere badute Txirrinkakoek, bizikletaren erabilera egokirako mezua noranahi helarazi nahi baitute.

  Aurkezpenean, ikus-entzunezko hau egitera bultzatu dituzten arrazoiak azalduko dituzte eta bideoa bera ikustera emango dute. Horregatik, aurkezpenekoa Kultur etxeko zine aretoan egingo da, bihar , arratsaldeko 19.00etan.
Ekitaldian, Txirrinka eta Udal ordezkariek parte hartuko dute. Udala ere jabetuta baitago, mugikortasun bide ezberdinen arteko elkarbizitzan hezkuntzak duen garrantziaz. Eta norabide horretan bat egiten du Txirrinka taldearekin. Proiektu hau aurrera eraman ahal izateko gainera, Udalaren diru laguntza jaso du elkarteak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!