Bihar hasiko da ofizialki bainu denboraldia Usakon

2019/06/07
Ura 12 gradutan dago, iazko tenperatura berean

  Atzo aritu ziren Buceo Euskadi elkarteko bi urpekari Usakoko putzua garbitzen. Zuhaitz adar batzuk, kaltzontziloak eta arrantza amuak atera zituzten bertatik. Burdin barilla moduko bat ere topatu zuten, enkofraduak edo egiteko erabiltzen direnen modukoak. Arriskutsu ei zegoen, fondotik gorantz ateratzen baitzen. Kentzen saiatu ziren baina ez zuten lortu. Litekeena da putzua handitzeko egin zen egituraren parte izatea. Kendu ezinik zebiltzanez, burdinezko barilla okertu eta lurrean sartzea lortu zuten, inork minik hartu ez dezan gainera, harrizko losa batez estalita utzi zuten.

  Asteazkeneko eurien ondorioz ura ilun xamar topatu zuten atzo urpekariek,  bisibilitate eskasa izan zuten lanerako. Hala ere, karramarro ugari ikusi zituzten, uraren kalitate onaren adierazle. Ordubete pasa egin zuten uretan eta neoprenoz jantzita joan arren, uraren tenperatura azpimarratu zuten 12 gradutan baitago, iazko tenperatura berean. Eguzkia beharko da beraz oso hotz dagoen ura pitin bat epeltzeko.

  Bestelakoan, dena prest dago Usakon bainu denboraldiari hasiera emateko. Hala, bihar hasi eta irailaren 8ra arte sorosle zerbitzua egongo da Usakon, egunero, 15:00etatik 20:00etara. Lehen bi asteetan sorosle bakarra egongo da baina eskola oporrak hartu orduko, ekainaren 22tik aurrera bigarren sorosle bat izango da 16:00tatik 20:00tara, abuztuko erdiko hiru asteetan izan ezik. 

  Herribusa ere Usakoraino iritsiko da arratsaldez birritan. Ekainaren 24an jarriko da martxan zerbitzua eta abuztuaren 2ra arte luzatuko da. Aste horietan, astelehenetik ostiralera, Herribusa Usakora birritan joango da, 16:00tan eta 19:30tan Ugarkaldetik abiatzen diren autobusak, hain zuzen ere. Errepidez joanda Usako sarrera inguruan dagoen zelai bat berriz, aparkaleku moduan egokituko da aurten ere. Gogoratu, debekatuta dagoela Olateko errepide bazterretan aparkatzea. Bide batez, bizikleta eta gainontzeko gauzekin kontuz ibiltzeko gomendioa eman da Udaltzaingotik. Aurreko urteetan bizikleta lapurretak salatu dira inguruetan eta soroslea dagoen arren, ez da zaintza berezirik egiten eta norberaren ondasunak, bizikletak barne, norberak zaindu behar ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Urpekariak Usakon atzo (Arg: DV)