Oñatiko udala

Bi oñatiarrek parte hartuko dute Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko Txapelketan.

2015/02/23
Card image cap
Urko Arregi eta Gontzal Belategi Zumarraga-Urretxuko kanporaketan arituko dira ostiral gauean.

  Pasa den astean, Ataunen abiatu zen Gipuzkoako 35. Eskolarteko Txapelketa. Azken urteotako bideari jarraituz, Eskolartekoaren barruan hiru ekimen biltzen dira: idatzizko sariketa eta saio didaktikoak eta bat-bateko txapelketa.

  Idatzizko sariketan 18 urte bitarteko mila partaide pasa izango dira aurten. Oñatiko bertso eskolatik 15 bat ikasle joango dira eta horiei, Txantxiku ikastolatik joan ohi den beste autobuskada bat batu behar zaio. Guztiek zita ostiral arratsaldean Zumarragako Zelai Ariztin dute. Ordubetean egin beharreko lana, emandako gaiari bertsoak jartzea izango da. Ondoren, “Lekaixoka” bertso eskolako haurrek aurrez prestatu duten saio didaktikoa eskainiko zaie.

  Bat-bateko txapelketa berriz, ilunkaran jokatuko da. Zumarragako Amalur elkartean eta bertso afari giroan 15-18 urte bitarteko sei bertsolari lehiatuko dira, tartean, Urko Arregi eta Gontzal Belategi oñatiarrak.

  Aipagarria da, bat-bateko txapelketa honetan, aurten 27 bertsolari gaztek hartuko duela parte eta puntuaziorik altuena lortutako zortziak sailkatuko direla apirilaren 26an Irunen jokatuko den finalerako.

  Gogoratu, iaz, Maider Arregi izan zela Gipuzkoa eta Euskal Herriko eskolarteko txapelduna.

  Baina Maider Arregik 19 urte ditu eta ondorioz ezin du eskolarteko txapelketan parte hartu. Gipuzkoako bertsolari txapelketan arituko da ordea, lehen aldiz. Oñatiko bost lagunek parte hartuko dute aurtengo Gipuzkoako bertsolari txapelketan: Urko Egaña, Andoni Goitia, Joseba Lasagabaster, Egoitz Aizpuru eta ia aipatu dugun Maider Arregi.

  Lurraldeko txapelketa honi dagozkion lehen kanporaketak udaberrian zehar jokatuko dira eta jakin ahal izan dugunez, Oñati kanporaketa herri izango da. Maiatzaren 30ean, bertsolari talde ezberdinak bilduko dituzten bi kanporaketa saio jokatuko dira gurean, bata goizez eta bestea arratsaldez.

  Datozen asteetan egingo da Gipuzkoako bertsolari txapelketaren aurkezpena. Bitartean, gogoan izan, eskolartekoa martxan dela jada eta oñatiarrek ostiralean, Zumarragan dutela zita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!