Baserri ingurunean sortutako plastikoaren urteko bilketa egutegia zehaztu da

2021/01/07
Lehena, urtarrilaren 27an egingo da

  Debagoieneko Landa Garapena elkarteak orain 20 bat urte ekin zion baserri ingurunean sortutako plastikoa batzeari. Urte sasoiaren arabera eta ganadua itoian dagoen edo zelaira bazkatzera ateratzen denaren arabera, baserri inguruetan plastiko gehiago edo gutxiago batzen da. Bilketa egunak 9 izatera pasa ziren 2017an, aurrez, 8 baitziren, eta aurten ere 9 bilketa egun zehaztu dira. Beti ere, hautatutako hileko laugarren asteazkenean izango dira.

  Ganadua barruan, eta ondorioz, pentsu eta boletan gorde den belarraz bazkatzeko garaia den udazken-neguko hilabeteetan bilketa hilero egiten da. Hileroko bilketa horiek irailetik martxora bitartean egitea aurreikusi da. Udaberri-uda garaian berriz, ganadua kanpoan, zelaian bazkatzen denez, bilketa bi hilean behin egiten da. Horrela bada, 2021eko plastiko bilketen egutegia finkatu du Landa Garapena elkarteak: urtarrilaren 27n, otsailaren 24an, martxoaren 24an, maiatzaren 26an, uztailaren 28an, irailaren 29an, urriaren 27an,  azaroaren 24ean eta abenduaren 29an egingo dira. Aipatutakoak bilketa egunak dira, baina plastikoa, aurreko arratsaldean ateratzea eskatzen da.

  Bilketa hauetan ez da belar boletako plastikoa bakarrik batzen. Baserrian pilatzen den negutegiko plastikoa eta bestelako plastiko hondakin guztiak jasotzen dira. Garrantzitsua da plastikoa ahalik eta garbien ateratzea. Horregatik, landa garapena elkartetik, baserritarrei ahalegina egitea eskatzen zaie eta negutegietan edo ortuetan erabili den plastikoa ahalik eta lur gutxienarekin jaso eta ateratzea eskatzen da. Plastikoa inguruetan barreiatu ez dadin bestalde, lotuta ateratzea ere eskatzen da.

Iturria: Oñati Irratia