Bakardadeari aurre egiteko BEGIRADA ADIA izeneko egitasmoa Oñatin inplementatuko da

2021/04/28
Bakardadea pairatzen duten pertsona nagusiak identifikatzeko herri-sarea sortu nahi da

  Udala eta SSI taldearen arteko lankidetza hitzarmena sinatu da gaur goizean BEGIRADA ADIA izeneko egitasmoa Oñatin garatu dadin. Adineko pertsona askok nozitzen duten bakardadeari aurre egiteko egitasmoa da. Bakardadean edota isolatze prozesuan bizi diren pertsonak identifikatu eta harreman-sare berri bat sortzeko laguntzeko egitasmoa da BEGIRADA ADIA izenekoa. Horretarako, eta bakardadea nozitzen egon daitezkeen pertsonak identifikatzeko herritarron laguntza eskatzen da.

  Hasteko, pertsona nagusi horiek erabili ohi dituzten zerbitzuetara joko da egitasmoa aurkeztu eta parte hartzeko gonbidapena zuzenki egitera, izan botika, okindegi edota ile-apaindegiak. Pake leku eta Lagun leku bezalako lekuetara ere joko da eta bertan profesionalki zerbitzua ematen duten podologo eta antzerakoetara. Bakarrik sentitu daitezkeen pertsonek erabiltzen dituzten hurbileko zerbitzu eta denda horien konplizitatea bilatuko da beharra izan dezaketen pertsonak identifikatzeko. Aurrez oinarrizko formazio bat emango zaie bakarrik bizi direnak nahita edo hala beharrez bakarrik dauden bereizten jakin dezaten, bakardadea, hautua ere badelako, kasu batzuetan. Baina herritarrei ere parte hartzera gonbidatzen zaie, halako kasurik ezagutzen badute jakinarazteko. Horretarako harremanetarako telefono zenbaki bat zabaldu da: 688 679 667.

  Behin halako abisua emanda SSI taldeko teknikariek kasua aztertuko dute eta zer nolako beharra dagoen zehaztuko dute Udaleko Ongizate zerbitzuekin harremanetan jarrita. Udaletik eskaintzen diren zerbitzuez gain bakardadeari aurre egiteko laguntza eskainiko zaio. Prozesu konplexua da eta ez zuzena, askotan, senitartekoen bitartekaritza ere bilatu behar baita parte hartzera animatu daitezen.

  Bakardadea nozitzen duten pertsonek harreman-sare berri bat eraikitzen joan daitezen, kafeguneak deritzoten topaketa modukoak egiten dituzte, elkar-ezagutzeko. Horiek dinamizatzen Oñatin lehenago ere lanean aritu den Bizipoz kooperatiba arituko da. Orain Oñatin abian jartzen den BEGIRADA ADIA izeneko egitasmo hau Arrasaten martxan da dagoeneko. Eta orain arteko esperientzia positiboki baloratu da.

  Oñatin badira bakardade arazoa duten pertsonak. Udaleko Ongizate zerbitzuetatik asko identifikatuta daude, beste batzuk, pandemia dela eta iaz udaletxetik egin ziren telefono deien bitartez ezagutu ziren edota beste programa edo kanpainen bitartez ezagutu dira, su detektagailuak jartzeko urteroko kanpaina, esaterako.

  Oñatiko biztanlegoaren laurdenak, gutxi gora behera, 65 urte edo gehiago ditu eta horietako batzuk nahi ez duten bakardadea nozitzen dute. Halakoak identifikatu eta harreman-sare berriak sortu ditzaten laguntzeko programa da gaur udaletxean aurkeztu den BEGIRADA ADIA izenekoa

Iturria: Oñati Irratia