"Aurten ez dira jaiak antolatu. Nola bizi duzu egoera?" gaiaren inguruko kartel lehiaketa antolatu du Udalak

2020/09/24
500 euroko saria jasoko du irabazleak

  Bizi dugun osasun egoerak sortutako bizipenak kartel batean irudikatzeko gonbidapena egin du Kultura departamentuak.

  Kartel lehiaketa honetara gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu egile bakoitzak. Lanak formatua digitalean aurkeztu beharko dira, hau da,  PNG, JPG edo PDF formatuan. Eta hala bidali beharko dira kultur etxeko helbide elektronikora, hau da, kultura.idazkaritza@onati.eus helbidera. Mezuan Kartel lehiaketa 2020 agertu beharko da eta egilearen izen abizenak eta telefonoa atxiki beharko dira.

  Lanak osatzeko teknika eta kolorea librea izango da, egilearen aukerakoa, eta horrelakoetan egin ohi denez, lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Aipagarria da, aurkeztutako lan orok kudeatu beharko dituela kartelean agertzen diren argazki, ilustrazio edo baliabide grafikoengatiko eskubideak, baldin eta irudi- bankuetatik badatoz edo aurkeztutako lanaren egileak egin ez baditu. Zentzu horretan, Udalak uko egiten die aurkeztutako lanen edukiak hirugarrenei buruz sor ditzakeen erreklamazioetatik eratorritako erantzukizunei. Lanak aurkezteko astebete dago, urriaren 1ean, 20:00tan amaituko baita horretarako epea.

  Lehiaketa bati buruz ari garelarik, saria izango da noski , eta hori herritarren hautatuko dute, internet bidez. Aurkeztutako lanetarako loturak oñati.eus udal atarian zintzilikatuko dira eta herritarrak gehien gustatzen zaiona aukeratuko du. Irabazlea bakarra izango da eta honek 500 euro jasoko ditu.

  Litekeena da gainera, aurkeztutako lanak inprimatu eta urriaren 11an plazan egingo den artisau azokan erakustea. Baina hori oraingoz aukera bat besterik ez da. Horretarako lanak egin eta aurkeztu behar dira, gogoratu, urriaren 1a bitartean.

Iturria: Oñati Irratia