Aurten ez da aisialdiko begirale ikastarorik egingo Oñatin

2020/10/20
Gutxieneko partaide kopurua ez da bildu

  Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzea ahalbideratuko lukeen ikastaroa Oñatin eta euskaraz egiteko aukera eskaini zen arren, ez da egingo. Taldea osatzeko gutxienez 10 lagun behar ziren eta 8k bakarrik eman baitute izena, hartarako epea astebetez luzatu den arren.

  Aisialdi begirale ikastaroak ez dira berriak Oñatin. 2014an egin zen lehengoz, eta hasierako asmoa bi urtean behin eskaintzea bazen ere, ez da beti hala izan. Azkena 2018an egin zen eta aurtengoa bosgarrena litzateke. Baina gutxieneko partaide kopurua osatu ez denez  ikastaroa bertan behera uztea erabaki du Udalak.

  Era honetako ikastaroek iraupen luzea izaten dute, 150 teoria-ordu eta 160 praktika biltzen ditu. Oñatin, printzipioz, zapatutan eman ohi denez, urrian hasi eta maiatzera arte luzatzea aurreikusten zen. Ikastaroaren kostua ere kontutan hartu behar da. Partaide bakoitzaren matrikula 500 euro da nahiz eta udalak matrikularen erdia edo hiru laurdenak berreskuratzeko dirulaguntza ematen dien aprobetxamendu ona erakusten duten herritarrei. 2020-21 ikasturte honetan ez da aisialdi ikastarorik egingo baina datorren irailean, hartarako aukera berriro eskaintzeko asmoa dago.

Iturria: Oñati Irratia