Astelehenean goizeko 6etan eta Udanatik behera etorriko da Korrika 19a Oñatira

2015/03/18
Card image cap
Elorregira bitartean dauden 14 kilometroetan 21talde, erakunde eta ikastetxetako lagunek eramango dute lekukoa

  EUSKAHALDUN! lema herririk herri barreiatuko duen Korrika 19a Urepeldik bihar abiatuko den arren Oñatira astelehen goizean iritsiko da. Herriko gazteak hartuko dute lekukoa legazpiarren eskutik. Ondoren, eskuz esku eramango da San Prudentzioko biribilgunean arrasatearrei eman bitartean.

  Korrikak gurean egingo dituen 14 kilometroak erosi asmoz 21 talde, erakunde, ikastetxe eta lantegi agertu dira. Horrek esanahi du zenbait kilometro erdibana egingo direla. Oñatz, herriko emakumeak, musika taldeak, Udala, Makalena eta Oinarri elkarteak, herriko ikastetxeak, Garai, Txintxurreta, Ulma, Fagor eta suhiltzaileak dira kilometro erosle horietako zenbait.

  Erreferentzia batzuk emate aldera, Udalak Olabarrietako seinalearen parean hartuko du lekukoa 6.20 inguruan. Lagun Leku elkarteko jubilatuek berriz, Olabarrietako taberna parean eta Elkar Hezi, Urgain Eskolak eta Txantxiku Ikastolak jarraian, Olapoto, Bidaurretako Monastegia eta plazako postontzi inguruan, urrenez urren. Herriko futbol txapelketakoek Madalenako gasolindegi parean hartuko dute eta suhiltzaileek berriz, parke inguruan. Ulma taldeko ordezkariak arduratuko dira lekukoa arrasatearrei ematen.

  Korrika 19ak astelehen goizean zeharkatuko du Oñati baina honen inguruko ekitaldiak aurretik eta ondoren ere egingo dira. Larunbatean Korrika bazkaria izango da Antixeneko Gaztetxean eta haurrek parte hartu dezaten, astelehen arratsaldean Korrika txikia egingo da. 

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!