Astelehenean, ekainaren 22an hasiko da Usakoko bainu denboraldia

2020/06/17
Bi sorosle eta zaintzaile-hezitzaile bat izango dira Covid-19ak baldintzatutako uda honetan

  Osasun agintariek emandako argibide eta jarraibideen zain egon dira udal arduradunak Usakoko bainu-gunearen inguruan erabakiak hartu ahal izateko. Txosten ezberdinak aztertu ondoren Usakon bainua baimentzea erabaki du udal gobernu taldeak, beti ere, uraren eta gunearen osasun baldintzek nahiz Covid-19ak eragindako alarma-egoerak ahalbidetzen duten hainean. Hala, Usakoko bainu denboraldia astelehenean irekiko du ofizialki Udalak, ekainaren 22an, eta irailaren 13ra arte luzatuko da. 

  Osasun Ministerioak agintzen dituen neurri higieniko-sanitarioak bermatzeko aurreko urteetan baino baldintza estuagoak eta baliabide gehiago jarriko dira. Bi sorosle izango dira ur putzua eta ingurua zaintzen; bat 15:00tatik 21:00tara eta bestea, errefortzu moduan, 16:00tatik 20:00tara, abuztuko bigarren eta hirugarren astean izan ezik. Gainera, zaintzaile-hezitzaile lanak beteko dituen hirugarren langile bat izango da, funtsean, Covid 19aren kontrako neurriak jakinarazi eta betearazteaz arduratuko dena. Langile hau ordutegi osoan izango da bainu guneko belardian zaintza lanak betetzen.

  Gaitzari aurre egin ahal izateko neurri higieniko-sanitarioen berri ematen duten kartel bereziak jarriko dira zelaian eta putzuaren inguruan. Aldi berean, gunearen garbiketa eta desinfekzioa areagotu egingo da aurten; belar gunea, putzua, komuna eta sorosleen etxola egunero garbituko dira. Zelaiko belarra moztu da jada eta putzua sakon garbitzeaz arduratzen diren urpekariak ere orain bizpahiru aste egon ziren Usakon. Ez zuten arrisku berezirik sortzen zuen elementurik atera eta uraren kalitatea oso ona dela egiaztatu ahal izan zuten. Baina bainu denboraldian zehar uraren kalitatea zaindu egingo da. Dagozkion analitikak eta kontrolak egitea eskatu dio Udalak Osasun Sailari.

  Aisialdi gunean eta inguruko errepideetan arazoak ekiditeko polizia protokoloa abian jarriko da, udaltzain zerbitzuarekin koordinatuz. Aurten ez da aparkaleku berezirik egokituko auzo errepidearen alboan. Horrela, jende pilaketak saihestu nahi dira. Gainera, bainu gunera dauden lau sarreretatik bat itxi egingo da, Usako baserri aldetik dagoena hain zuzen ere. Torno moduko hesitik pasarazten duten bi bideak nahiz Zuazola zubi ondotik doana soilik erabili ahal izango dira. Herribusaren erabilera sustatuko da eta herritarrei oinez edo bizikletan joatea eskatuko zaie.

Iturria: Oñati Irratia

Usako iazko udan