Ikasturte amaierako ekitaldia egin da gaur Artzain eskolan

2019/03/01
Maximo Zumalde eta Arantxa Lasagabaster Araozko artzainak bereziki omendu dira, eskolarekiko izan duten harreman goxoa eskertuz

  Arantzazuko Artzain eskolan ofizialki eguerdian amaitu da 2018-2019 ikasturtea. Azken azterketa eta frogak gainditu ondoren, diploma banaketa ekitaldia egin da. Artzain eskolako 22. promozioa 8 lagunek osatu dute. Ikasturtea irailean hasi zuten guztiek amaitu dute. Guztiek artzain makila eta ikasturtea gainditu dutela egiaztatzen duen eskola diploma jaso dute.

  Zortzi ikasle horietatik bost bizkaitarrak dira, bi gipuzkoarrak eta nafar bat. Gehienak 21-40 urte bitartekoak dira eta erdiek  artaldea dute. Beraz, artzaintzan jarraitzeko osagai nagusia badute. Artzain eskolako ikasleek 5 hilabete eman dituzte artzaintza lantzen. Teoria eta laborategietara, instalazioetara, kudeaketa zentroetara edota nekazaritza eskoletara egindako bisitak eta artzain profesionalen baserrietan egindako praktikak uztartu dituzte.

  Urteetan Araotzeko Madina Azpikoa baserrian eskolako hainbat ikasle hartu izan dituzte praktikak egiten. Ikasleekiko ez ezik, Artzain eskolarekiko izan duten begirunea eskertuz, Maximo Zumalde eta Arantxa Lasagabaster araoztarrak omendu dituzte gaur Arantzazun. Aipamen berezia ere egin zaio Joni Lopez artzain kanariarrari. Lopez Arantzazuko Artzain eskolako ikasle izan zen eta iaz hil zen. Aitortzen atal honetan ere Sustraia telebista saioaren lana eskertu nahi izan da.

  Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuordeak  eta Mikel Biain alkateak ekitaldian parte hartu dute, besteak beste. Baina erakundeetako ordezkariez gain artzain berriak, hauen senitartekoak eta ikasleak etxean praktiketan hartu dituzten artzain profesionalak elkartu dira eguerdian Arantzazun.

  Arantzazuko Artzain Eskolak bete dituen 22 ikasturteetan, 278 ikasle hezi ditu. Azken urteetan ahalegin berezia egin da artzainen seme alabak erakartzeko, beti ere, sektoreari jarraipena eman asmoz. Bide horretan, Itsasmendikoik aholkularitza eskaintzen die artzaintzara profesionalki zuzendu daitezen.

Iturria: Oñati Irratia