Arte udalekuetan begirale izateko bigarren deialdia egin du udalak

2018/04/24
Izena emateko epea bihar 14:00tan amaituko da

  Arrakasta handia izan du aurten arte udalekuen eskaintzak, 30 gaztetxok eman dute izena. Eskaera horri aurre egin ahal izateko esfortzu berezia egitea erabaki du udalak eta hirugarren begirale bat kontratatuko du. Martxoan egin zen lehen deialdira ordea, 2 hautagai bakarrik aurkeztu ziren. Horregatik, bigarren deialdi bat egitea erabaki zen azken gobernu batzarrean. Arte udalekuetan begirale izateko bete beharreko baldintzak aurreko deialdirako zehaztu zirenak dira: Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gutxienez gaindituta izatea, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Udal bulegoetan aurkeztuko den eskaera orriari aipatutako baldintzak betetzen direnaren egiaztagiriak erantsi beharko zaizkio.  Horrez gain, eta meritu gisa, Arte Ederretako graduaren 2. mailatik gorako ikasturteak gaindituta izatea, artearekin lotutako bestelako formazioa izatea, 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edota artearen inguruan irakasle lanak egin izana bereziki baloratuko dira. Meritu horiek ere agiri bidez egiaztatu beharko dira.

  Arte udalekuak uztailaren 2tik 27ra egingo dira, 10:00tatik 13:00tara. Hala ere, udalak, uztaila osorako eta 9:30tatik 13:30ak arteko jarduna betetzeko lan kontratua egingo die begiraleei. Izan ere, udalekuak hasi aurretik programazioa prestatzeko eta bukaeran balorazioa eta udalekuen memoria egiteko, aurrez nahiz ondoren, bina egunetan lan egitea eskatuko baitzaie.

  Arte udalekuetan begirale izateko bigarren deialdi honetan epeak oso estuak dira, bihar, arratsaldeko 14:00tan amaituko baita. Eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dira eta informazio gehiagorako udaleko web orrira, www.oñati.eus  atarira jo daiteke.

Iturria: Oñati Irratia