Arrasateko psikiatria ospitalean dauden presoei laguntzen jarraituko du Oñatiko Espetxe Pastoraltzak

2018/09/24
Herrian batutako dirua eta materiala Arrasatera bideratzen ari dira azken bi urteotan

  Martuteneko kartzela hilabete gutxiren buruan itxiko denaren zurrumurruak zabaltzen ari diren honetan, Oñatiko Espetxe Pastoraltza taldeak bere egungo jarduerarekin jarraituko duela azaldu nahi izan du. Pare bat urte daramatzate herrian batutako laguntza Arrasatera bideratzen, zigorra psikiatria ospitalean betetzen ari diren presoei bideratzen, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dutela argitu digute.

  Dirua da nagusiki Oñatiko taldeak Arrasatera eramaten duena eta ospitaleko arduradunen esku uzten da, presoek duten beharraren arabera gastatu dadin. Diru horren jatorria anitza da, herritar partikularren ekarpen puntuala izaten dute batzuetan, baina nagusiki, Udalak eta parrokiak helarazitako laguntza da. Arropa eta bestelako materiala ere izaten dute tarteka, bereziki Gabonetan, hartarako kanpaina egiten baitute urtero.

  Gaur, irailaren 24a, Mesedeetako Amaren eguna espetxeratuen zaindariaren eguna da. Herriko Espetxe Pastoraltzak hitzaldia antolatu izan du egun honen inguruan urteetan, baina aurten ez da izango, bestela ere, ekintza ugari iragarri direlako aste honetarako. Lanean ari direla gogorarazi nahi izan dute ordea, eta jarraitzeko asmoz daudela azpimarratu dute, Martuteneko kartzela itxi ala ez. Bailaran, Arrasateko psikiatrikoan ingresatuta dauden presoei laguntzen jarraituko dutela, alegia.

Iturria: Oñati Irratia