Arantzazutik Urbiara mendi martxa egingo du Gure Eskuk hilaren 29an

2019/06/21
"Oinarrizko eskubideen aldeko" lema izango du

  Oinarrizko eskubideen alde eta Kataluniako prozesuaren auzian epaitu dituzten presoei elkartasuna adierazteko baliatuko da hitzordua.

  Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa salatu eta oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan konpromiso irmoa adierazteko, eskubideen aldeko mendi martxa antolatu du Gure Eskuk ekainaren 29rako, hurrengo larunbaterako. 10:00etan Arantzazutik irten eta Urbian amaituko da ibilaldia, eguerdian. Ekitaldia eta mosaikoa egingo dira bertan. Koloreko jantzi eta osagarriak eramateko eskatu dute antolatzaileek.

  Arantzazun egin zen agerraldian Gure Eskuko kideek gogora ekarri zuten, 485 eta 611 egun artean daramatzatela kartzelan buruzagi independentista katalanek, eta erbestean daudela beste batzuk, erreferendum bat antolatu izanagatik. Erabakitzeko oinarrizko eskubidea kriminalizatzea onartezina dela uste dute mugimenduko partaideek. Beste kasu batzuk ere aipatu zituzten, Altsasuko gazteak edota euskal presoen eskubideak defendatzeagatik irailean epaituko dituzte 47 euskal herritarrak.

Iturria: Oñati Irratia