Apirilaren 8an, 11.45tan iritsiko da Korrika 20a Oñatira

2017/01/10
Herri batzordea eratzeko bilera datorren asteartean egingo da

  Martxoaren 30ean Otxandion abiatuko da Korrika 20a eta egunean bertan, Gasteiza iritsiko da. Zeharkatuko duen hurrengo hiriburua Baiona izango da, apirilaren 2an, 4an Donostiara iritsiko da, 6an Bilbora eta apirilaren 9an Iruñean amaituko da. Tartean, bezperan hain zuzen ere, eta eguerdi partean, Oñatiko plazatik pasako da 20. Korrikaren lekukoa. Oñatira, Goierrin eta Urola Garaian ibili ondoren Udanatik behera etorriko da eta San Prudentziorako kilometroak osatuta Arrasatera bideratuko da. 

  Korrikak 2.535 kilometroko ibilbidea izango du guztira, eta nondik norakoaren berri eman zen atzo bertan. 20.a den Korrikarako Batzuk leloa hautatu dute: bat eta zuk hitzak elkartuta, euskarara batzeko deia egin dute. Hizkuntzen arteko berdintasuna ere aldarrikatuko dute.

  Arrasateko AEK arduratuko da aurten ere, Debagoienan herri batzordeak sortu eta hauen lana koordinatzeaz. Bertatik jakinarazi digute Oñatiko Korrika batzordea osatzeko bilera datorren asteartean, hilaren 17an egingo dela,  kultur etxean eta 18:30tan hasita. Ikastetxeek eta kultur talde ezberdinek aktiboki parte hartzen dute bi urtean behin egiten diren Korrika lasterketaren girotze ekitaldietan. Oraingoan ere, beraiei zuzenduko zaie deialdia, baina orokorrean, interesa duten eta ekarpenen bat egin nahi duten herritar guztiei parte hartzeko gonbidapena egien zaie. Oñatin bezala, inguruko herrietan ere, antzerako batzorde edo taldeak eratuko dira datorren astean zehar.

Iturria: Oñati Irratia

20. Korrikaren ibilbidea