Aitor Biain Zumarragako Musika Bandako zuzendari izateko hautagai da

2020/10/14
Euskal Herritik aurkeztu diren 18 hautagaietatik lau aukeratu dituzte, tartean, Ganbara Abesbatzako zuzendari den oñatiarra

  Luis Orduñak, Zumarragako Musika Bandaren zuzendariak, Gasteizko banda zuzentzeko aukera onartu zuenean hasi zen guztia, otsailean. Iaz 150. urteurrena ospatu zuen bandak zuzendari berria aukeratzeko prozesuari ekin zion deialdi orokor bat eginez. Jatorri ezberdineko 50etik gora hautagai aurkeztu ei ziren, nonbait, eta Euskal Herritik jasotako 18 eskaintzekin geratu ziren. Hautagaien curriculumak osatzeko, informazio  gehigarria eta bideo bana eskatu zieten eta bandako kide guztiek ikusi ondoren, lau hautagai aukeratu zituzten, tartean, Aitor Biain oñatiarra.

  Zumarragako Musika Bandaren zuzendaria aukeratzeko modu berezia zehaztu dute; hautagai bakoitzarekin hainbat entsegu egingo dituzte eta kontzertu bana eskainiko dute “praktikaldiaren” amaieran. Aitor Biain izango da lehena. Bandarekin 9 entsegu egingo ditu eta Gabonetako kontzertua zuzenduko du. Gainontzeko zuzendarigaiek 7 entsegu beteko dituzte. Baina kontu egin behar da, taldeak hilabeteak daramatzala elkarrekin entseatu gabe eta Biainen eskutik berrekingo diote jardunari. Leku berria ere egokitu behar izan dute, egungo osasun egoerak eskatzen dituen distantzia eta segurtasun baldintzak bete ahal izateko. Azken kontzertua Santa Isabel jaietan emango du Zumarragako bandak, laugarren hautagaiak zuzenduta. Beraz, aukeraketa prozesuak ikasturte osoa iraungo du. Arkaitz Mendoza donostiarra, Iñigo Zearsolo elgoibartarra eta Ane Legarreta galdakaoztarra dira Zumarragako Musika Bandaren zuzendari izateko beste hiru hautagaiak. 

  Aitor Biainek badaki zuzendaritza lanetan aritzea zer den, nahiz eta orain arte, nagusiki, ahots taldeak zuzentzen jardun duen. Oñatiko Ganbara, Ganbara txiki eta Hots abesbatzetako zuzendaria ez ezik, Euskal Herriko Unibertsitateko Abesbatzako eta Bergarako Orfeoiko zuzendaria ere bada. Oñatiko musika bandako kide da aspalditik eta, tarteka, orkestra zuzendari lanetan ere aritu da.  

Iturria: Oñati Irratia