Adikzio mota desberdinen tratamendurako udal dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2020/02/05
Adikzioa duen pertsonaren nahiz laguntzaile eta senitartekoen garraio gastuak arintzen dituzte dirulaguntza hauek

  Adikzio mota ezberdinak tratatzeko Oñatitik kanpora joan behar dela kontutan hartuta, udalak, garraio gastuak arintzeko dirulaguntzak eman ohi ditu. Helburua, Oñatiko biztanleei EAEko tratamendu-zentro publiko edo hitzartuetara joateko aukera ematea da.

  Dirulaguntza hauen onuradunak, droga mandekotasun arazoak edo beste mota bateko adikzio edo kontsumo arriskua duten eta tratamendu programak egiten ari diren Oñatiko biztanleak dira. Baita ere, tratamendua eraginkorra izan dadin, adikzioa duen pertsona horri laguntzen dion senitarteko edo lagunarena. Familiako kideek ere garraio dirulaguntza eskatu dezakete, Oñatin erroldatuta badaude eta autolaguntza taldeetan parte hartzeko beste herri batera joan behar badute.

  Udal dirulaguntza hauek esan bezala, garraio gastuak arintzeko dira, bai garraio publikoan nahiz norberaren ibilgailuan egindakoak. Gehienez, bi pertsonak hilean egindako bidaia kopurua eta txartela erabiliz garraio publikoak duen kostua hartuko da kontuan.

  Adikzio mota desberdinen tratamendurako udal dirulaguntzak eskatu ahal izateko bete beharreko baldintzak hiru dira oinarrian: tratamendua hasi duen pertsonak Oñatin bi urtez erroldatuta egon behar du, gutxienez, edo udalerrian gutxienez hiru urtez erroldatuta dauden senideekin bizitzen egon behar du; adikzioa duen pertsonak lau hilabete eraman beharko du errehabilitazio-programan, gutxienez; eta helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin bateraezinak izango dira laguntza ekonomiko hauek.

  Udalak, 4.000 €ko partida du aurten, dirulaguntza atal honetarako, iaz baino 500 euro gehiago.

Iturria: Oñati Irratia