80.500 euro banatuko ditu udalak herriko ikastetxe eta guraso elkarteen artean

2020/05/26
Onartu berri diren dirulaguntzen % 60a ordainduko da orain

  0 eta 18 urte bitarteko hezkuntza mailan diharduten herriko ikastetxeak dira udalaren dirulaguntza jasotzen dutenak.  Eskaera bostek egin dute aurten: Txiki txoko haurreskolak, Zuazola-Larraña institutuak, Urgain-Errekalde herri eskolak, Elkar Hezik eta Txantxiku ikastolak. Guztien artean, 2019-2020 ikasturtean, 80.541 euro banatzea onartu berri du gobernu taldeak. Ikastetxeek aurkeztu eta onartu diren dirulaguntzen % 60a ordainduko da orain, 48.000 euro pasa.

  Guraso elkarteei dagokienean, Zuazola-Larraña, Urgain-Errekalde, Elkar Hezi eta Txantxiku ikastolako guraso elkarteek jasoko dute udalaren dirulaguntza. Guztira 9.690 euro banatzea onartu da, lehen ordainketa honetan, ia 6.000 euro izango da.

  2017ko otsailean onartu ziren herriko ikastetxeei eta bertan diharduten guraso elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzen oinarri arautzaileak. Herriko ikastetxeek eta guraso elkarteek jarduera akademikotik kanpo heziketan osagarriak diren ekimenak biltzen dituzten proiektuak aurkeztu behar dituzte udal dirulaguntzetara.

  Jaso diren egitasmoei batzordeak adostutako irizpideak aplikatu zaizkie, hau da, ikasle kopurua, ekintza programa eta hizkuntza normalizazioa atalei dagozkienak. Ikasleko 10 euroko dirulaguntza ezarri da batetik eta bizikidetza proiektuen eta mugikortasun jasangarriko proiektuen dirulaguntzaren ehunenekoa % 50 jaso da. Hezkuntza afektibo sexualaren kasuan aldiz, %25era gutxitu da dirulaguntzaren ehunenekoa, udalak guztiz finantzatzen baitu eta izaera bereko egitasmoa bideratzen baitu Berdintasuna departamentuak ikastetxeekin elkarlanean.

  Orain, onartu den diru-laguntzaren % 60a emango zaie ikastetxe eta guraso elkarteei, esan bezala, eta gainontzekoa, fakturen bidez egiaztatuko den likidazioa egiterakoan. 2019-2020 ikasturteari dagokion kontu kitatzea, irailaren 30a baino lehen egin beharko dute. Pentsatzekoa da, ikasturtearen azken hiruhilekoan jarduna guztiz eten beharra izan denez, orain onartutako ekintza ugari ere ezin izan direla egin. Baina hori, likidazioan ikusiko da.

Iturria: Oñati Irratia