69 herritar ari dira euskara ikasi eta hobetzen Udal Euskaltegian

2020/10/08
Ikasturtea asteartean hasi zen baina bi taldetan ikasle berriak hartzeko lekua dago oraindik

  Pozik daude Udal euskaltegian aurtengo matrikula kanpainak izan duen oihartzunarekin. 69 herritar hasi dira astean, euskara ikasi eta hobetzeko eskolak hartzen. Aipagarria da ostalari eta merkatarientzat nahiz zaintza lanetan aritzen diren lagunei zuzendutako oinarrizko ikastaro berezian 22 herritar hasi direla. Euskaldunekin harreman zuzena duten langile hauek gutxieneko ulermen maila lortu eta ohiko elkarrizketa arruntak euskaraz egin edo jarraitzeko gai izatea da ikastaroaren helburua.

  Udal euskaltegian euskalduntze maila ezberdineko ikastaroak ematen dira, hasi A1 mailatik eta C2 mailara arte. Talde gehienak osatuta daude baina oraindik bitan ikasle berriak hartzeko lekua dagoela jakinarazi digu euskaltegiko zuzendariak: B2 mailako taldean goizetik, 9.00tatik-11:00tara, eta C2koan arratsaldez, 15:00tatik 18:00tara. Informaziorako Bidebarrieta kalean dagoen euskaltegira joan behar da.

  Iraupen luzeko langabetuek doan dute euskaltegiko matrikula baina gainontzekoei zuzenduta beka sistema ere badauka. Hala, 2019-2020 ikasturtean euskaltegiko ikasle izan ziren 26 lagunek matrikula kostuaren erdia bueltan jaso dute, aprobetxamendu ona erakutsita, sari gisa. Horietako zenbaitek gainera, aurtengo matrikularen % 25aren itzulera ere izango dute, iaz hasitako euskara prozesuari jarraipena emateagatik. Izan ere, HABEk eta Udalak euskara ikasi eta hobetzeko hartutako konpromisoa saritzen baitute elkarren osagarri diren dirulaguntza eta bekak eskaintzen.

Iturria: Oñati Irratia

Ikasle talde bat Euskaltegiaren aurrealdean