3 CD grabatu eta urteko ekintzak gauzatzeko Gazteria udal departamentuaren dirulaguntza jasoko dute herriko lau taldek

2019/01/15
Card image cap
4.225 euro banatuko dira guztira

  Gazteria departamentuak gazteen kultur jardueretarako dirulaguntzak eman ohi ditu urtero. Lehen deialdia apirilean egin zen eta bigarrena urrian. Bigarren deialdi horren baitan,  lau proiektu diruz babestea erabaki berri da. 

  Diruz laguntzen diren jarduera eta kontzeptuak oso zabalak dira, hala, urteko programaketa eta elkarteen sustapena diruz babesten den bezala, kultur sormena eta hedapenaren sustapena edota material erosketa bera, diruz laguntzen da. Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: erakunde, talde, edo norbanako eskatzailea oñatiarra izan behar da, eta talde eskatzailearen kideen erdia gutxienez 12 eta 30 urte bitartekoa izan behar da.

  Urriaren 15etik azaroaren 10era luzatu zen bigarren eskaera epean, lau proposamen jaso ziren eta laurak diruz babestea erabaki du Gobernu Batzarrak. Lau horietatik hiru, herriko musika taldeei dagozkie: Broken legacy, Lee-Kore eta Lokuria. Hirurek CDa grabatzeko laguntza eskatu dute eta hala ematera erabaki da. Laugarren eskaera berriz, Txantxiki familia elkarteak egin zuen, urtean zehar antolatzen dituzten ekintzak burutu ahal izateko. Eskaera honi ere baiezkoa eman zaio.
Proiektu bakoitzaren aurrekontua eta taldeak dituen diru sarreren arabera kalkulatu da bakoitzari emango zaion diru laguntza. Guztira, lau proiektuen artean 4.225 € banatuko dira.

  Aurrez, eta apirilean egin zen lehenengo deialdian, beste 4.520 euro banatu zituen Gazteria udal departamentuak. Udaberrian hiru eskaera jaso ziren eta hirurak diruz babestea erabaki zen. Algaraz ikuskizun elkartearen eskaerak izan ziren guztiak baina egitasmo ezberdinetarako, diskoa, bideoklipa eta DVDa grabatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!