2021eko larreratze kanpainari buruzko oharra zabaldu du udalak animalien identifikazio, osasun neurri eta tasak zehaztuz

2020/11/16
Kanpainan zehar ikuskaritzak egin daitezke, dirulaguntza eskatzen duenak ganadua larreratzen duela egiaztatzeko

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira udalaren oharrak hainbat gai argitzen ditu: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, zaldi eta behiak behar bezala identifikatzea eta hazteria edo sarnari, tricomonas bovina eta karbunko deritzon gaitzei aurre egin ahal izateko neurriak. Nekazaritza ingurumenaren dirulaguntzekiko azaldutako kexen haritik iruzurrak zigortu daitezkeenaren ohartarazpena ere jasotzen da ganadu jabeei ostiralean bidali zitzaien idatzian.

  Artalde eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu beharko da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da larreratu aurretik. Artalde eta zezenen osasun egoera ona egiaztatzen duten agiriak gerora aurkeztu beharko diren arren, larreratzeko eskaera orain egin behar da. Gainera, 2018ko kanpainan hainbat moxal eta txahalen heriotza eragin zuen karbunko deritzon gaitzaren inguruan, udala eta Partzoneria larreratzen den ganaduaren osasun baldintzak arautuko duten Plan Sanitarioa lantzen ari direla jakinarazten da.

  Aloñako larreetara nahiz Artia aldera ganadua eraman asmo dutenek horren berri udaletxean eman behar dute. Abenduaren 18a izango da jakinarazpena egiteko azken eguna. Behin epe hori igaro ondoren ez da larreratze baimenik emango. Aloñan larreratu asmo diren ardi, bildots, behor eta behi kopurua eta tasaren ordainketa helbideratzeko kontu korronte zenbakia jakinarazi beharko zaio udalari. Horretarako, postaz bidali zaien orria bete eta HAZ zerbitzuaren atarian dagoen udal langileari eman beharko zaio, bulegora sartu edo hitzordurik eskatu gabe.

  Tasei dagokienean aldaketa esanguratsua sartu zen 2016an auzolana sarituz. Hala, udalak eta Aloabel Elkarteak deituriko auzolanetan parte hartzen duten ganadu zaleei % 100eko hobaria aplikatuko zaie larreratze tasetan.

  Larreratze kanpainaren oharra ganadua Aloñara eraman asmo dutenei zuzenduta dago baina baita Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenei ere, hauen kopurua ezagutu nahi baita. Kasu honetan, datuak helburu estatistikoz jasotzen ditu udalak.

  Aloña-Urbia gunean larreratutako behi eta zaldi aziendak behar bezala identifikatuta egon beharko dira. Horregatik, galdutako lepokoak ordezkatzeko, galdutakoaren zenbakia eman beharko da. Lepokoa lehen aldiz eskuaratzeko berriz, animaliaren zenbakia jakinarazi beharko da udaletxean.

  Eta azken oharra, zenbait ganaduzaleren kexek eragindakoa. Zenbait jabek garandua ez larreratu arren, eskaera betetzen ei dute nekazaritza ingurumenaren laguntzak jaso ahal izateko. Laguntza hauen helburua mendiko larren aprobetxamendua dela gogorarazten da udaletik eta ganadua larreratu gabe laguntza jasotzeak legea urratzen duela argitzen du. Udalak, Foru Aldundiak eta Aloabel Abeltzainen elkarteak osatzen duten Aloña lan-taldeak uztailean egin zuen bileran, larreratze kanpainan zehar ikuskaritzak egiteko aukera onartu zuten, beraz, halakoak egin eta lege urraketak zigortu daitekeela zehazten da ganadu jabeei bidali zaien idatzian.

Iturria: Oñati Irratia