2021eko Ingurumen jardunaldien egitaraua prest du Natur Eskolak

2021/01/25
Card image cap
Otsaileko eta martxoko lehen hamabostalditan bildu dira ekintzak

  Otsaileko lehen hamabostaldian hitzaldiak eta zine klub emanaldiak bildu dira eta martxokorako zuhaitz ferixia eta egunak programatu dira.

  Gai ezberdinak jorratuko dira aurtengo Ingurumen jardunaldiak baina ia klasiko bihurtu den osagaiak izango ditu: erakusketa, hitzaldiak, zuhaitzen inguruko azoka eta landaketak eta irteera. Egitaraua otsailaren 1etik 24ra bisitatu ahal izango den Jakinduria tradizionalak eta biodibertsitatea erakusketaz hasiko da. Kultur etxean jarriko da ikusgai.

  Hitzaldien eskaintzan, egungo egoerari erreparatuta, birusak nagusituko dira, lau hitzaldietatik bitan gai horren inguruan arituko baitira adituak: otsailaren 2an Covid-19a, ingurumena eta Pandoraren kutxa gaia jorratuko du Joxerra Aihartzak eta 3an, birusak zer direnaren inguruko argibideak emango ditu Ana Galarraga zientzia komunikatzaileak. Hurrengo astean, astearte eta asteazkenean, oso bestelako gaiez berba egingo da: hilaren 9an basogintzaren erronkez eta 10ean Euskal Herriaren historia geologikoaz. Gai hau Natur Eskolan urteak eman zituen Jon Betanzosek aurkeztuko du Lurraren bidean dokumentala pantailaratuz. Hitzaldi guztiak grabatu eta Youtube kanalean zintzilikatuko dira, nahi denean eta nahi den lekutik ikusi ahal izateko.

  Zine klub taldekoekin elkarlanean otsaileko lehen bi emanalditan ingurumenarekin zerikusia duten filmak proiektatuko dira: Honeyland eta Dehesa.

  Aipatutako guztiak otsailean izango dira. Baina Oñatiko Zuhaitz ferixiak eguna finkatuta dauka Euskal Herriko mintegien eta azoka egutegian, martxoko lehen zapatuan izan ohi da, eta aurten ere hala izango da. Hori erreferentzia hartuta programatu dira Ingurumen jardunaldi hauetako gainontzeko ekintzak. Landaketarako hitzordu bikoitza izango da, herri gunean egingo den orokorra martxoaren 7an, eta Aloñako lagunekin elkarlanean Aloña inguruan egingo dena, martxoaren 14an. Tartean, udazkenean zintzilik eta egin ezin geratu zen irteera berreskuratu da, hau da, Arantzazu errekaren arroa eta Gesaltzako lizun ezagutzeko irteera. Martxoaren 13rako programatu dute Natur eskolakoek.  

 

Iturria: Oñati Irratia   

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!