2020-2021 Ingurumen ikerketa beka deitu du udalak

2020/03/17
Udalaren lursail patrimonialen zein gutxiegi eraili edo utzita dauden nekazaritza-lurren azterketa eta ekintzerako aukerak proposatzen dituzten ikerketak eskatzen dira

  Udalak bi urtean behin kaleratzen duen ingurumen ikerketa bekarako deialdi berria gaur argitaratu da. Hirugarren aldia da, nahiz eta orain arte, behin bakarrik eman den, 2017-2018an bertan behera utzi baitzen, jasotako proposamenak ez zuelako gutxieneko puntuaziorik lortu.

  Ingurumen bekaren helburua Amalurra oinarri izanik, ingurumenaren ezagutza handitzea da; udalerriko ingurumen alderdiak hobetu ezagutzeak Amalurrarekiko politikak zein erabakiak modu jasangarriagoan hartzeko aukera emango duelakoan. Horren haritik nekazaritza-lurren funtsen aktiboak sustatzeko proposamenak eskatzen dira. Konkretuki, udalaren lursail patrimonialen zein gutxiegi eraili edo utzita dauden nekazaritza-lurren azterketa eta ekintzarako aukerak jorratuko dituzten ikerketa proposamenak eskatzen dira, beti ere nekazaritzaren zein abeltzaintzaren izaera multifuntzionala eusteko helburuarekin. Hori da, 2010-2021 ingurumen azterketaren gaia.

  Lana, taldeka edo bakarka egin daiteke eta kasu guztietan, egin asmo den lanaren proposamen txostena aurkeztu behar da. Lanaren memorian besteak beste, lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia, helburuak, lan metodologia eta lana garatzeko kronograma eta aurreikusitako emaitzak eta horien interesa zehaztu beharko da. Bide batez, eskatzaileen espediente akademikoa eta curriculuma ere atxiki beharko dira. Beka jaso ahal izateko ezinbestekoa da gaiarekin lotura duten ikasketak izatea eta diplomatua edo pareko mailako tituluduna izatea. Taldeen kasuan, partaideen erdiek gutxienez formakuntza hori egiaztatu beharko dute. Euskarari dagokionez, eskatzaileak edo taldeko partaide guztiek, EGA edo baliokide den titulu edo ziurtagiria aurkeztu beharko dute hizkuntzaren ezagutza gaitasuna frogatzeko.

  Printzipioz, iragarkia argitaratu eta bi hilabeteko epea legoke proposamenak udal bulegoetan aurkezteko. Indarrean den alarma egoerak dena den, administrazioarekiko tramitazio guztiak eten ditu, dakizuenez, beraz, egoera normaltzen denean hasiko da epea hori zenbatzen. Dena den, interesa duten ikertzaileak hasi daitezke jada beraien proposamena aurreratu eta prestatzen. Eskaera epea betetzen denean, hartarako izendatuko den epai mahaiak, memoriak aztertu eta egokiena izan litekeena aukeratuko du, besteak beste, ikerketa proiektuaren planteamendua, eskatzaileen espediente akademiko eta curriculuma eta udalerriaz duten ezagutza kontutan hartuta.

  Beka 12.000 eurokoa da eta hiru zatitan ordainduko da, % 30a, ebazpena hartutakoan, % 40a, 12 hilabeteak pasata lanaren txostena aurkeztu eta honi oniritzia ematerakoan eta gainontzeko % 30a, ikerketa lana entregatu eta balioetsitakoan. Lana egiteko, 2021. urte amaierara arteko epea dago.

  Ingurumen ikerketa beka bi urtean behin ematen da. 2015-16 urte artekoa Oñatiko narrasti eta anfibioak ikertzeko eman zen.

Iturria: Oñati Irratia