2020-2021 ikasturtea prestatzen dihardute Txaloka ludotekan

2020/09/14
Zabalpen eta informazio ekintzak eta bazkidetza kanpaina zehazten ari dira, kurtsoa, urriaren 19an hasteko

  Txaloka ludotekaren kudeaketan hirugarren zikloari ekin dio Txatxilipurdi elkarteak Udalak deitutako lizitazioa irabazi ostean. Kontratazio ziklo berri bat baina aurreko biek emandako esperientziaz hasiko duena. Zehaztu dute ikasturte hasierarako ekintza egutegia: Ludoteka kalera aterako da astean, ate irekiak egingo dira urri hasieran eta 19an jada, ikasturtea martxan jarriko da. Tartean, erabiltzaileen gurasoekin informazio bilera egingo da eta bazkide kanpaina ere burutuko da.  

  Ikasturte berriari ekin aurretik ohikoa izaten da ludoteka kalera atera eta herriko haur guztiei parte hartu eta ezagutzeko aukera eskaintzea. Aste honetan egingo dira halako ekintza bereziak, herriko gune ezberdinetan. Asteazkenean, esaterako, plaza eta ondoko jolaslekuan izango da ludoteka eta hiru tailer eskainiko zaizkie neska-mutikoei: letxuga landaketa, zirko tailerra eta kaleak margotzen. Ostegunean, irailaren 17an, Olakuara hurbilduko da ludoteka eta letxuga landaketa eta zirko tailerraz gain, Makedo tailerra egingo da. Ostiralean azkenik, San Martinen izango da hitzordua eta jolas dinamikoen eskaintza berezia egingo da ia ohikoak izango diren, letxuga landaketa eta zirko tailerrarekin batera. Ekintza berezi hauek 16:30tatik 19:30tara izango dira eta haur guztiei irekita egongo dira.

  Txaloka ludotekako erabiltzaile diren haurren gurasoei zuzenduta bilera egingo da hilaren 24an, aurtengo asmoak eta osasun protokolo berezia azaltzeko. Lizaur kaleko 5ean dagoen lokala urriaren 7an irekiko da baina hamar egunez, 7tik 16ra, ate-irekiak beteko dira eta edonork izango du Txalokako egunerokoa bertatik bertara ikusi, informazioa eskatu eta izena emateko aukera. Eta kurtsoa, normaltasunez, urriaren 19an hasiko da ludotekan.

  Txaloka ludoteka 3 eta 8 urteko haurrei zuzenduriko udal zerbitzua da. Astelehenetik ostiralera arratsaldez zabaltzen da. Erabiltzaileek kuota txiki bat ordaintzen dute hilero baina hainbat hobari ere izaten dira. Lokala guztiz berritu zen iaz eta haurren sormena eta elkarrekintza sustatuz, bitarteko berrriak jarri ziren.

Iturria: Oñati Irratia