“Padre no hay mas que uno 2” komedia espainiarrak irekiko du bihar zine denboraldi berria

2020/09/10
64 lagunentzako lekua izango da emanaldiko, aforoa erdira mugatuta

  Martxo erdialdean eten ziren zine emanaldiak gurean. Sei hilabeteren ondoren, asteburu honetan hasiko dira berriro, osasun eta segurtasun neurri guztiak beteta. Horrek esanahi du aforoa erdira mugatu dela, gehienez, 64 lagunentzako lekua izango da emanaldiko. Sarrerak aldez aurretik hartzeko gomendioa egiten da Kultura departamentutik, lekua segurtatu ez ezik, bertatik bertara erosteko sortu daitezkeen ilarak saihestu nahi direlako.

  Aforoa murriztu den arren zine txartelaren prezioa bere horretan mantentzen da: 5 euro. Hori bai, aurrez hartuta, tramiteei dagozkien 50 xentimo gehiago ordaindu beharko dira. Iraileko hiru filmetarako sarrerak eskuragarri daude jada oñati.eus udaleko web atarian eta Txokolateixan.

  Helduei zuzendutako ohiko emanaldi orduak beteaz hasiko da bihar zine denboraldia: ostiral eta larunbat gauetan, igande arratsalde eta gauean eta astelehenetan, ikuslearen egunean, arratsaldez. Haurren emanaldiak eta zine kluba urrian hastea aurreikusten da. Larunbatetako haurren emanaldiak askotan betetzen direla jakitun, 19:30tan saio berria programatzeko aukera aztertzen ari da Kultura batzordea, baina oraindik ez da erabakirik hartu.

  Oraingoz helduei zuzendutako zine komertziala hasiko da eta komedia batez hasiko gainera: Padre no hay mas que uno 2: la llegada de la suegra filma programatu baita astebururako.  Santiago Segurak zuzendu eta antzezten duen filma da.
Datorren asteburuan Que suene la música umore ukitua duen drama britainiarra pantailatuko da eta hileko azken asteburuan berriz, Tenet zientzia fikziozko thrillerra. Genero ezberdinak zine zaleak Kultur etxeko aretora erakartzeko berriro.

Iturria: Oñati Irratia