“Laranja bat zaborretan” liburuan oinarritutako emanaldi piktoriko-musikala hartuko du Arantzazuk larunbatean

2016/11/16
Bertaratzeko izena aurrez ematea gomendatzen da

  Laranja bat zaborretan diziplina artistiko anitzeko emanaldia izango da. Liburuaren egilea den Patxi Zubizarretarekin batera, Felipe Barandiaran esatariak, Mintxo Cemillán marrazkilariak eta Pello Ramirez biolontxelo-joleak parte hartuko dute. Irudi, musika eta hitzen bidez, barrura, sentimenduetara joko dute artistek.

  Laranja bat zaborretan nobela Kairon kokatzen da eta Karabino kristau koptoa da protagonista; zaborra biltzen egiten du lan, baina iluntzero Nagib ipuin kontalari musulmanarengana joaten da eta hari entzungo dio Jose ameslariaren historia biblikoa. Nobelak, funtsean, abegitasun eta itzuleraren izpirituaren aldarria egiten du eta hori bera da errezitaldiaren helburua, modu arinean, zentzumen guztiak piztea: usainak, koloreak, hitzak…
Ekitaldian errefuxiatuen, etorkinen, baztertuen ahotsa jasotzen da, bereziki Europan bizi diren jatorri arabiarreko idazleen liburuez baliatuta.

  Laranja bat zaborretan ikuskizuna, larunbatean, 18:00etan hasiko da Gandiaga Topagunean.
Euskara hutsean izango den emanaldirako sarrera doan da baina lekua mugatua denez, gehienez, 120 lagunek sartu ahal izango dute. Joateko interesa duenari izena ematea gomendatzen zaio. Izena, 943-716575 telefono-zenbakira deituz eman daiteke edo mezua, info@arantzazugandiaga.com posta elektronikora idatziz.

Iturria: Oñati Irratia

Ikuskizunaren irudi bat