“Gero pentzauku” taldeak lehenengo saria irabazi du XI. Oñatiko Laburmetraien Rallyan

2020/11/16
Euskal mitologia gaiaren bueltan eta hortzetako eskuila erabiliz 18 lan aurkeztu ziren, lau, epez kanpo

  Larunbatean jokatu zen Oñatiko laburmetraien rallya. 20 talde aritu ziren goizean goizetik euskal mitologia gaiaren bueltan beren lanak osatzen. Horretarako, antolatzaileek emandako hainbat lekutan grabazioak egin zituzten eta hortzetako eskuila erabili zuten, hori izan baitzen derrigorrean agertu beharreko objektua. 18:30tarako ordea, 14 lan bakarrik aurkeztu ziren, beste lau beranduago entregatu ziren eta atzo, streaming bidez egin zen proiekzioan ikusi ziren baina lehiaketatik kanpo utzi ziren.

  Osasun egoerak hala eraginda, goizeko azalpenak taldeko bi ordezkari bakarrik zeudela eman zituzten antolatzaileek eta ez zen ohiko gosaririk egin ezta arratsaldeko luntxik ere. Santa Ana aretoko emanaldia ere streaming bidezko emanaldiaz aldatu zen eta hori atzo, 18:00tan egin zen. Herritar asko sartu zen olr-ren youtubeko kanalera emanaldia jarraitzera. Amaieran, Ikuslearen Sarirako esteka zabaldu zen.

  Gero Pentzauku taldearen Jentilekin tratuan lanak irabazi zuen lehen saria, Torreauzoko zubia jentilek egin zutenaren istorioa gaur egunera ekarrita laburmetraia osatzeko jentil baten laguntza zelan jasotzen duten azaltzen da lanean. Kalabaza productions taldeak berriz, Zimarkunkerixia lana aurkeztu zuen. Olentzerok hortzetako eskuilak banatuko ditu, Mariren aholkua jarraituz, baina mitoa da eta ez dute ezertarako balio. Lan honek bigarren saria eskuratu zuen eta Olentzero irudikatu zuen Mikel Biainek gizon aktore onenaren saria. Hirugarren saria berriz, Piktxurs taldearen Izena badu bada lanak eraman zuen. Hauek, garai bateko pertsonaia mitologikoak egun gurekin jarraitzen dutela erakutsi zuten, txorimalo bihurtu baitira. Antolatzaileek derrigorrezko objektuaren erabilera egokiena saritu zuten Katxi Porreta taldeari emanez. Ikusleen bozkak berriz, streaming bidezko emanaldiaren ondoren zabaldu zen esteka bidez. Ikuslearen saria, Pixarrakada taldeak eraman zuen Aittaitta lanagatik. Gizonezko aktore hoberenaren saria, aipatu bezala, Mikel Biainek eraman zuen eta emakume aktore hoberenarena berriz, Inma Martinek Antzinako kontuak lanean gaupasero pertsonaia mitologikoaren bila dabilen aurkezlearen papera eginda.

  Pandemiak jarritako muga eta zailtasunak gaindituta 11. edizioa bete du Oñatiko laburmetraien rallyak. Larunbateko lan guztiak laburmetraien rallyaren Youtubeko kanalean ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Gero Pentzauku taldea