2019an Aloña eta Artia-Txirikilaleku-Aitzgaineko larreetara eramango diren abereen berri udaletxean emateko epea astelehenean amaituko da

2018/12/28
14:00tan itxiko dira udal bulegoak

  Artzain eta abeltzainek udaberrian Aloñan larreratu asmo dituzten ardi, bildots, behor eta behi kopuruaren berri udalari jakinarazi behar diote. Behor eta behien kasuan, abere bakoitzaren zenbakia zehaztuz. Astelehenean, abenduaren 31n amaituko da larreratuko diren animalien berri udaletxean jakinarazteko epea eta ordainketa, datuak Diputazioak egiaztatu ondoren egin beharko da. Animaliak Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen dituztenek ez dute tasarik ordainduko baina datuen berri bai udaletxean eman behar dute, estatistika osatzeko.

  2019ko larreratze kanpainaz ari gara baina datuak jakinarazteko azken eguna astelehena, abenduaren 31a izango da, esan bezala. Gabon Zahar eguna izaki udal bulegoek ordutegi berezia izango dute eta14.00etan itxiko dira. Beraz, artzain eta abeltzainek lehenago pasa beharko dute bertatik. Udaletxean jasotako datuak Diputazioko programan kargatu behar dira eta horretarako azken eguna Gabon Zahar eguna bera izango dute udal langileek ere. Horrek esanahi du, epea amaituta ez dela eskaerarik jasoko, Diputazioak programa itxi egingo baitu.

  Artalde eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu beharko da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Zezenen kasuan tricomoniosis bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da larreratu aurretik. Artalde eta zezenen osasun egoera ona egiaztatzen duten agiriak gerora aurkeztu beharko diren arren, larreratzeko eskaera orain egin behar da.

  Gainera, karbunko deritzon gaitzaren kontrako txertoa jartzeko gomendioa ere egin da aurten udaletik. 2018ko kanpainan hainbat txahal eta moxal gaitz honek eraginda hil direla ikusi da eta berez, derrigorra ez den arren, karbunko deritzonaren aurkako txertoa jartzea gomendatu du udalak.

Iturria: Oñati Irratia