2016ko auzo-bideen konponketa lanak kontratatzeko deialdia zabaldu da

2016/06/13
Card image cap
Eskaintzak egiteko azken eguna ekainaren 22a da

  Udal titularitatea duten hainbat auzo-bidetan, konponketa, hobetze eta asfaltatze lanak egitea aurre ikusten da aurten. Konpontzeko premia gehien duten auzo-bideen zerrenda osatuta, bakoitzean, zein lan eta nola egitea komeniko litzatekeen zehaztea eskatu zitzaion Sestra ingeniaritza eta arkitektura enpresari. Honek aurkeztu zuen egitasmoa oinarri hartuta kaleratu du Udalak lanak esleitzeko iragarkia.

  Konpondu asmo diren auzo bideak bost dira: Koiskar, San Julian, Baltzola eta Errotatxo baserrietara doazenak eta Sarramendi eskola zaharra zenera doan bidea. Asfaltatu berriz, Albitxuri eta Etxatxo-Santuera doazen bideak eta Jaturabeko mini-gunearen inguruko zabalgunea asfaltatuko dira. Azkenik, Aramaixuena eta Leibar baserrien arteko bidean, eta Arrikrutz eta Korta baserrietarako bideetan hobekuntza lanak egingo dira.

  Sestra enpresak, gune bakoitzean egin beharreko lanen txostena osatu du eta bide batez, aurrekontua ere zehaztu du. Horren arabera, orain lizitaziora atera diren lanen aurrekontua, ia 66.000 euro da, BEZ kanpo. Lanak, lote bakarrean esleituko dira, hau da, enpresa berberak egin beharko ditu, hobekuntza, konpontze eta asfaltatze lanak. Eta guztia egiteko hilabete eta erdiko epea izango du, lizitazio iragarkian finkatu denez.

  Interesa duten enpresek, ekainaren 22ra arteko epea dute eskaintzak udal bulegoetan aurkezteko. Esleipena, ahalik eta bizkorren egin nahi da, lanak, uda partean, eguraldi onarekin egin ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!