17,2 milioi euroko aurrekontua onartu du udalbatzak 2020rako, aurtengoa baino % 23 txikiagoa

2019/12/21
Aurrekontuak EH Bilduren aldeko botoz onartu ziren, EAJ abstenitu egin baitzen

  Datorren urteko aurrekontuen lehen azalpena udaleko kontu hartzaileak eman zuen Osoko Bilkuran.  Sarrerak eta gastuak parean dituen 17.200.000 euroko aurrekontua zela esan zuen. Kiroldegiko lanak aurrera eramateko eskatu den maileguaren ondorioz udalaren zorpetze maila asko handitu dela esan zuen, zor bizi erlatikoa %55,5 dela zehaztuz. Sarrera eta gastu arruntak, amortizazio eta interesak, zor berria nahiz finantza zamaren bilakaera aztertuta adierazle ezberdinak neurtzen ditu udal kontu hartzaileak eta hiruna positibo eta negatibo aipatu zituen. Ondorioetan dena den, milioi euro inguruko aurrezki arrunt garbia azpimarratu zuen.

  Udalbatzako kideek hartu zuten hitza ondoren, eta alkateak lehenik, 2020ko aurrekontuen gora beherak aipatu zituen diru sarrera, irteerak eta inbertsioen kapituluetako kopuru nagusiak azalduz. Aurtengo zerbitzu eta dirulaguntza mantenduko direla eta inbertsioetarako 1.800.000 euro izango direla azpimarratu zuen Izaro Elorzak. Ondoren, batzordez batzorde egingo diren lan nagusien eta partida berrien errepasoa egin zuen alkateak.

  Ainhoa Galdosek hartu zuen hitza ondoren eta EAJk aurkeztu zituen 25 proposamen eta 15 emendakinen berri zehatza eman zuen, atalez atal. Amaieran ordea, udalaren egoera ekonomikoaz duten kezka azaldu zuen eta datozen urteetarako plan ekonomiko finantzeroa egitea eskatu zuen. Jeltzaleek azaldutako kezka horri Xabier Igartua Sozioekonomia batzordeburuak erantzun zion, inbertsio handitan sartzeko mailegu handi bat eskatu aurretik, udalaren zorra zerora ekarri zela gogoratuaz.

  Azkenean, bozketara pasa zen. Lehenik, aurkeztutako emendakinak banaka bozkatu ziren eta ondoren udal aurrekontuak bere osotasunean. 2020ko aurrekontuak EH Bilduren aldeko botoz onartu ziren, EAJk abstentziora jo baitzuen. Hala ere, abstentzio hori udalbatzako bi taldeek adostasunera iristeko ahaleginaren errekonozimendu gisa azpimarratu zuen alkateak.

  Udalak aurten eskaini dituen zerbitzu eta diru laguntza guztiak mantentzeaz gain, 1,8 milioi euro bideratuko dira inbertsio berrietara. Alde batetik, iazko Partaidetzazko Aurrekontuetan herritarrek aukeratutako inbertsio guztiak burutuko dira, eta, gainera, San Lorentzo eta Olakua auzoetako irisgarritasun planarekin jarraituko da, Berezaoko oinezkoen bidea egokituko da, Araozko ostatua eta Natur Eskola birgaitzeko lanak amaituko dira, Azkoagaineko irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira, Elorregin komuna egokituko da eta hirugarren adinekoentzako Esperientzia Gela jarriko da martxan, besteak beste.


Iturria:Oñati Irratia